(argazkia: Tabakalera)

Ikusmira Berriak programan parte hartzeko deialdia zabalik da

Irailaren 1era arteko epea egongo da Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako zinema-proiektuak, Nest sailean parte hartutakoak eta EQZEko ikasleenak aurkezteko.

Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten Ikusmira Berriak programan parte hartzeko izen-ematea zabalik da jada.

Irailaren 1era arteko epea egongo da Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako zinema-proiektuak, Nest sailean parte hartutakoak eta EQZEko ikasleenak aurkezteko. Izen-ematea online egin beharko da eta interesa dutenek sinopsia, tratamendua, asmo-gutuna eta biofilmografia dituen dosierra aurkeztu beharko dute. Azaroan jakinaraziko dira bost kategoriatan hautatu diren lanak.

Zortzi asteko egonaldia bi zatitan banatuko dutela zehaztu dute antolatzaileek: sei aste (2024ko martxoan eta apirilean) proiektua Donostiako Tabakalera zentroan martxan jartzeko, eta beste bi asteak (irailean) Zinemaldian bertan, “zuzendariek beraien proiektua, ordurako garatu samar izango dutena, zinema-industriako ordezkarien aurrean aurkeztu ahal izango dute”.

Maiatzetik irailera bitartean, zinemagileek beren proiektuetan lanean jarraituko dute, industriako profesionalen hautaketa-batzordearen aldetik online tutoretza jasotzen duten bitartean. Batzordea osatuko dute Olimpia Pont Chafer aholkulariak, Javier Martin aholkulari eta Donostiako Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kideak eta EQZEren 2019-2020 ikasturtean Artxiboko graduondokoa ikasi zuen Flor Clerico ekoizleak. Edizio honetatik aurrera, batzordeko postuetako bat txandakakoa izango da eta eskolako ikasle ohi batentzat gordeko da. Modu horretan, Zinemaldiak, Tabakalerak eta EQZEk zentrotik igaro diren ikasleen esperientziari jarraipena emateko apustua egin nahi izan dute.

Gainera, hautatutako lan bakoitzak 5.000 euroko garapenerako laguntza jasoko du ekainean, zinemagileek egoitzako bi faseen artean lan egiten jarraitu ahal izateko. Azkenik, Elamedia Euskadi enpresak Postprodukzioko Elamedia Euskadi Saria emango dio hautatutako proiektuetako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.

Zabaldu: