Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soares dira artista horiek.
Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soaresen zinema proiektuak aukeratu dituzte Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan aurkeztu diren 487 lanen artean. Egonaldiaren lehenengo fasea martxoaren 24tik maiatzaren 4ra izango da. Egonaldien programak bere izen-emateen marka gainditu du, 487 zinema proiektu jaso baititu, iaz baino % 34 gehiago (362). Aukeratutako sei proiektuen artean, lau opera primak dira.
Elias Querejeta Zine Eskolaren kategorian, Alexandra Latisheven Sirenas aukeratu da; Nest kategorian, Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketako azken bost edizioetan (2019-2023) aukeratutako zinemagileek parte har dezakete. Kasu honetan, Estatu Batuetan bizi den Kathy Mitrani zinemagile kolonbiarra aukeratu dute; Euskal kategorian, Joana Moyaren La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria lana aukeratu da; Espainiar kategorian, Retorno al Valle aukeratu da, Jaime Puertas Castilloren bigarren film luzea; Nazioarteko kategorian, bi proposamen aukeratu dira: Batetik, 900 toneladas, Daniel Soares zuzendari portugaldarraren lehenengo film luzea, eta bestetik, Fede Gianni zinemagile italiarraren Il Cascatore / Cowboy Billi.
Egonaldia zortzi astekoa izango da, bi zatitan banatuta. Zinemagileen taldea martxoaren 24an iritsiko da Tabakalerara, eta bertako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian maiatzaren 4ra arte landu ahal izango dute beren proiektua. Denbora horretan, proiektu bakoitzerako propio aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, beren beharretara egokituta.
Ekainean, berriz, egoiliar bakoitzak garapenerako laguntza bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko.
Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak igarotzera. Fase horretan, proiektuak industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.