Ekain Albiteren ‘Akira’ proiektua

Ikusmira Berriak programarako sei artistak aukeratu dituzte

Ekain Albite, Rod Llaverias, Inês Nunes, Gala Hernandez, Kavich Neang eta Valeria Hofmann artistek garatuko dituzte beren zinema-proiektuak hamabigarren edizioan.

“Bero itogarria, agian hondamendi klimatikoaren seinale argi gisa, emakumeen gorputzak, familia-egituren esplorazioa, iragan industriala eta unibertso digitala ageri dira Ikusmira Berriak programaren hamabigarren edizioan aukeratutako proposamenetan”, zehaztu du Tabakalerak. Lanei forma aukera aberatsetik heldu zaie, eta generoak berrinterpretatu dituzte, hala nola  beldurrezko gotikoa, road movie, drama psikologikoa edo body horror delakoa. Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak bultzatutako egonaldietan, Ekain Albite, Rod Llaverias, Inês Nunes, Gala Hernandez Lopez, Kavich Neang eta Valeria Hofmannen proiektuak hautatu dituzte.

Programak izen-emateen marka hautsi du aurten ere, 488 zinema-proiektu jaso baitira. Aukeratutako sei proiektuen artean, bost opera primak dira, eta bat bigarren filma.

Elas Querejeta Zine Eskolaren kategoriari dagokionez, edizio honetan, Inês Nunesen (Tavira, 1993) The Spirit Healer is Away for the Weekend lana aukeratu dute, zuzendari portugaldarraren film labur berriena.

Nest kategorian, berriz, Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketako azken bost edizioetan (2020-2024) aukeratutako zinemagileek parte hartu dezakete, eta edizio honetan Rod Llaverias zinemagilearen (New York, 1989) La Canícula lana aukeratu da.

Euskal kategorian aukeratutako proiektua Ekain Albiteren (Zumaia, 1999) Akira da. Albite Negu hurbilak (2023) film kolektiboaren zuzendarikidea da. Hain zuzen, film horrek aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema jaialdiko Cineasti del Presente sailean. Albite, EQZEko ikasle ohia da, eta bere banakako lehen film luzerako gauean igarotzen den road movie espektral bat proposatzen du. Bi txatar-biltzaile georgiar dira protagonistak, Lemoizko zentral nuklearretik beren jaioterrira bidaiatzen dutenak.

Estatu espainiarreko kategorian, Gala Hernandez Lopezen (Murtzia, 1993) Los animales magnéticos proposamenaren alde egin da.

Nazioarteko kategorian bi proiektu aukeratu dira: Valeria Hofmann zuzendari eta gidoilari txiletarrak (Santiago de Chile, 1988) Daemon lanean, body-techno horror delakoaren bitartez, sistema teknologikoaren ertzetan bizi diren bi pertsonaren istorioa lantzen du: edukien moderatzaile bat eta telefono mugikorrak ekoizten dituen fabrikako langile bat. Azkenik, Kavich Neang zuzendari kanbodiarraren Chas Khouch Kmeng Ropus / Bad Man Good Boy bere bigarren film luzearen proiektuan, bi lagunen coming of age delakoa marraztu du, eta familiari eta testuinguru autoritarioari buruzko gogoeta ere egiten du.

Egonaldia

Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, bi alditan banatuta. Sei zinemagilek osatutako taldea martxoaren 9an iritsiko da Tabakalerara, eta apirilaren 19ra arte izango dute bertako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian beren proiektua garatzeko aukera.

Denbora horretan, proiektu bakoitzerako exprofeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, bakoitzaren premietan oinarrituta. Ekainean, egoiliar bakoitzak bere egitasmoa garatzeko laguntza ekonomiko bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiaren azken bi asteak igarotzeko. Fase horretan, beren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna