Lezoarrak azaroaren amaieran kaleratuko du dolu prozesuaren inguruan sortu duen disko berria, bere ibilbideko hirugarren lana: Dolu(s)min.
Ilargi Agirrezabalaga musikariak (Lezo, 2000) Jaizkibel izeneko kanta aurkeztu du, bere ibilbideko hirugarren diskoa, Dolu(s)min, izango denaren bigarren aurrerapen kantu gisa. Abesti hau bere aitaren heriotzaren ondorioz dolu prozesuan zebilela izandako amets batetik abiatu zen, zehazki, aitarekin Jaizkibelen zegoela amestu zuen.
Musikari lezoarra, txikitan, sarritan joaten zen Jaizkibeleko txoko ezberdinak bisitatzera bere aitarekin; izan ere, Mikelek, bere aitak, asko maite zuen Jaizkibel. Bere heriotzaren ondorioz, abeslariak, kantak sortzeari utzi zion, 2022an. Hala egon zen urtebetez, 2023an bere aitarekin amets bat eduki zuen arte, eta hau, txikitan hainbestetan bisitatutako mendi horretan zegoen kokaturik: Jaizkibelen, zehazki, askotan joaten ziren leku batean, Mixintxola. Une horretan oraindik diskoaren ideia garatzen zebilela, abesti hau sortu zuen, eta diskoa sortzeko pizgarrietako bat ere izan zen.
Musikariak adierazi duenez, abestiaren oinarrian, galera batek eragiten duen hutsunea betetzeko beharra dago, “kanta sortu nuenean ez nintzen kontziente atzetik zegoen minaz, eta hasiera batean, alaia zela iruditu zitzaidan. Gerora ohartu naiz kantaren atzetik dagoen minaz, nire aitarekin oroitzeko beharraz eta ahazteko beldurraz, eta honi buruz ere hitz egin behar dela uste dut”.
Abestia Haritz Harreguyk ekoitzi, grabatu eta nahastu du bere estudioan. Perkusioan Mikel Zubiria aritu da, gitarretan Manu Moro eta elektronikan Ilargi bera.
Jaizkibel abestia Jon Alberto Lejardik zuzendutako bideokliparekin kaleratu du Ilargik. “Helburua abestiaren atzean dagoen ahanzturaren beldur eta oroitzeko desio hori islatzea izan da, baita bizitako prozesua sinbolikoki islatzea”. Lejardiren hitzetan: “Lan honekin Ilargiren gainditze arkua irudikatu nahi izan dut: iraganeko zaurien kontzientzia hartzea, gutuna (kanta) idazteko ekintza, eta azkenik, hori erreta errauts bilakatu eta bizitza berriarentzako elikagai bihurtzea. Bidaia fisiko eta emozionala da.”.
Dolum(u)inak saioa
Doluari ikusgarritasuna emateko proiektua musikatik haratago eraman nahi izan du Ilargik. Horregatik, Gaztezulo aldizkariarekin elkarlanean doluaren inguruko saio bat egin du. Bertan, elkarrizketatu ezberdinen bidez dolu ezberdinetara hurbiltzen da abeslaria saioetan zehar. Hiru astean behin atal berria argitaratzen dute Gaztezuloren webgunean, eta astean behin aurrerapen txikia sare sozialetan. Lehen atala:
Ilargik, Hil artean bizirekin proiektuaren alderdi soziala erakutsi nahi izan zuen moduan, Jaizkibelekin, azaroan plazaratuko duen diskoaren alderdi pertsonala eta proiektuan honek duen pisua plazaratu nahi izan du. Azaroaren amaieran irtengo da dolu prozesuaren inguruan sortu duen disko berria, bere ibilbideko hirugarren lana: Dolu(s)min.