Irakurzaletasuna bultzatzea eta haur eta gazteen sormena piztea ditu helburu lehiaketak. Lanak aurkezteko epea apirilaren 15era arte egongo da zabalik.
Beste urte batez, Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren edizio berri bat abiatu du Elkar Fundazioak, irakurzaletasuna bultzatu eta haur eta gazteen sormena pizteko asmoz. “Urtez urte milaka parte-hartzaileren irudimena eta talentua bildu ditugu, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izango”, adierazi dute antolatzaileek.
18. edizioa izango du lehiaketak aurten eta, honetan, HH4 eta LH4 bitartean (biak barne) dauden haurrek Txilikuk idatzitako Tapiz berria ipuina ilustratu beharko dute: Ipuina hemen eskura daiteke. Aldi berean, LH5 eta DBH2 bitartean (biak barne) dauden haurrek Iñaki Holgadok egindako ilustrazioarekin ipuin bat osatu beharko dute: Ilustrazioa hemen eskura daiteke.
DBH3 eta DBH4 mailetako gazteentzat, berriz, bi erronka aurkezten dira komiki atalaren barruan: Holgadok hasitako komikiari jarraipena ematea edo berak proposatutako gaiari (kirolaz gozatu) hasiera berria ematea.
Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sariez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango dituzte aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxarena; bestetik, Irrien Lagunen Klubarena.
Lan guztiak aurkezteko azken eguna apirilaren 15a izango da.
Informazio gehiago jasotzeko, elkar.eus webgunea bisitatu, lehiaketa@elkar.eus helbidera idatzi edo 943 310 301 telefono zenbakira deitu beharko dute interesa dutenek.