(argazkia: Donostia Kultura)

Imanol gogoratzeko ekintza programa bat antolatu dute azaroaren 11n eta 12an

Donostiako Imanol Larzabal aretoak dokumental baten aurrestreinaldia eta bere lagunek bultzatutako kontzertu berezi bat hartuko ditu.

2004. urtean, Imanol hil ondoren, abeslariaren oroimena bizirik mantentzea helburu zuen pertsona-talde bat sortu zen Imanolen lagunak izenarekin. 2007an Donostiako Lugaritz Kultur Etxeko antzokiak Imanol Larzabal aretoa izena hartu zuen eta data horretatik 2014ra arte, talde horren eta Donostia Kulturaren arteko lankidetza mantendu zen. Lankidetza horrek urteroko hainbat ekitaldien antolakuntzan eman zuen fruitua Imanol Oroituz izenburupean, abeslariaren alderdi artistikoa eta gizatiarra gogora ekarriz.

Aurten, Imanolen jaiotzaren 75. urteurrena da, eta hori ospatzeko hainbat jarduera antolatu dira azaroaren 11n eta 12an. Besteak beste, abeslariari buruzko dokumental bat estreinatuko da eta hainbat artista arituko diren kontzertu bat antolatu dute.

Azaroaren 11n, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, On Time ekoiztetxeak produzitutako Imanol: azken kontzertua dokumentala proiektatuko da. Javier Gutierrez errealizatzailearen eta Iñigo Kintana zuzendariaren lanak 70 minutuko iraupena du eta sortzaile eta abeslariaren ibilbidea errepasatzen du, batez ere bere kultura ekarpena nabarmenduz. Sarrera doakoa izango da eta aurrestreinaldirako gonbidapena gaurtik aurrera, azaroak 8, hartu ahal izango da Victoria Eugenia Antzokiko, Antzoki Zaharreko eta Lugaritz kultur etxeko leihatiletan, baita Donostia Kulturaren webgunean ere.

Azaroaren 12an, larunbata, trikitilariek lagundutako Kantu Jira bat abiatuko da 12:00etan Antiguako Benta Berri plazatik. Imanoli eskainitako mural bat dago bertan. Kalejira ostean, partaideak 14:00etan Txirain elkartean antolatu den bazkari herrikoira zuzenduko dira. Bazkarirako izen-ematea ondorengo helbide elektronikoan: imanoloroituz@gmail.com egin behar izango da.

Azaroaren 12an ere, 19:00etan, kontzertu berezia izango da Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, eta ondorengo artista hauek hartuko dute parte: Amaia Zubiriak, Olatz Salvadorrek, Maria Amolategik, Olatz Pratek, Joxan Goikoetxeak, Txema Garceses, Iosune Marinek, Telmo Trenorrek eta Beñat Mujikak. Sarrerak Victoria Eugenia Antzokiko, Antzoki Zaharreko eta Lugaritz Kultur Etxeko leihatiletan eros daitezke, baita Donostia Kulturaren webgunean ere.

Zabaldu: