'Planetagatik' pelikularen filmazioa

Imanol Olalderen ‘Antxumeak’ egitasmoak irabazi du Oihua! sorkuntza ekimenaren 4. edizioa

Epaimahaiak azpimarratu duenez, “euskal mitologiaren arketipoen berrirakurketa garaikidea eta folk-horror generoa gure lurraldearen gertutasunera ekartzea”. Filma Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean proiektatuko da udazkenean.

Euskaraz filmatzen den fantasiazkoa generoa indartzeko helburua du Oihua! Ekimenak. Sortzaile hasiberriei zuzenduta dago eta irabazleak ikus-entzunezko profesional entzutetsu baten aholkularitza eta laguntza izateko aukera izaten du sortze prozesuan zehar.

Laugarren edizio honetan, Unai Guerrak eta Laura Gallegok (Larrotxene Bideo), Josemi Beltranek (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisak (Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua) osatu dute epaimahaia eta Imanol Olalderen ‘Antxumeak’ proiektua hautatu dute. Irabazlea aukeratzeko hainbat irizpide erabili dituzte: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, eta euskararen maila.

Azaldu dutenez, film labur irabazleak “drama psikologiko klasiko baten egitura du: guraso baten larritasuna bere seme-alabak salbatzeko”. Hala ere, “drama hori garrantzitsuagoa den beste gai batean sakontzeko abiapuntua baino ez da: naturak badu oreka lege aldaezin bat, beti ‘gehiago’, ‘hobeto’ edo ‘azkarrago’-ren bila. Berehalakotasun eta norberekeriazko garai hauetan, ezinbestekoa da gogoraraztea bizitzan ekintza orok duela bere ondorioa, askotan mingarria edo deserosoa izan daitekeena”.

Gogoeta hori gorpuzteko egile donostiarrak Euskal Herriko elementu mitologikoak erabiliko ditu. Akerra, atsoa/sorgina eta basoko indarrak, hain zuzen, baina ez ikuspegi folkloriko huts eta nostalgiko bat emateko helburuarekin, baizik eta mito horiek bizirik mantentzea eta eguneratzeko xedez. “Gaur egungo gizartean txertatu ditu, antzinako indar horiek egunerokotasuna ulertu eta azaltzeko egokiak direla erakutsiz”.

Laugarren edizio honetan 29 gidoi jaso dira. Lanen jatorriari dagokionez, aurtengo edizioan 22 Gipuzkoatik iritsi dira, sei Bizkaitik eta bat Arabatik. Aurkeztutako gidoi guztien kalitate eta izaera profesionala nabarmendu du epaimahaiak.

Bestalde, laugarren edizio honen berrikuntza gisa, Larrotxene Bideok Musikenerekin elkarlan hitzarmena egin du eta, horren baitan, film laburraren soinu banda Musikeneko ikasleek sortuko dute.

Film laburra 2026ko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean proiektatuko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna