Denetara 31 gidoi jaso dituzte edizio honetan. Hauetatik hamar euskaraz izan dira. Antolatzaileen arabera, aukeraketa zaila izan da aurkeztutako gidoien kalitate onagatik.
Iñaki Cid Larrea aktore eta egileak Arropa zuria euskarazko lanagatik irabazi du XXI. Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko sarietako bat, Pantzo Hirigarai izan da euskarazko modalitatean saria irabazi duen beste idazlea Bizpahiru trilogiako Dolua antzezlanarekin eta Braulio Cortes Diazek Diario de desdichas antzezlanarekin irabazi du saria gaztelaniazko modalitatean.
Iñaki Cid Larrearen Arropa zuria lanak gure amek eguneroko keinu txikien bidez gutako bakoitzarengan uzten duten ondareari buruz hitz egiten du. Eguneko une desberdinetan gure burura itzultzen diren keinu edo momentu hauek dira bakarrik ez gaudela gogorarazten digutenak, jende askoz osaturik gaudela esaten digutenak, gu ez garela bakarrik gu garrasi egiten digutenak.
Antzerki hau gurasoak eduki arren benetan gertu ez dituztela sentitzen duten pertsona guztiekin konektatzen duen pieza da. Gurasoak ez daudenean faltan botako dituztela jakin arren, haiengana gehiago hurbiltzeko, aholkuak eskatzeko edo besterik gabe, haiek entzuteko gai ez diren pertsonentzat idatzitako lana da hau; biharko egunean beraien arropa amarena bezain txuria geratuko ez den pertsonentzat alegia. Testua bi aktoreentzat sortua izan da eta nahasten diren bi mundu ezberdinetan jolasten du. Egotearekin eta ez egotearekin; aurrez aurre hitz egitearekin edo telefonoz hitz egitearekin; bizirik egotearekin eta hilda egotearekin. Bizitzan gertatzen den bezala, elkarrekin bizi diren errealitatearen eta memoriaren munduak nahastuz hitz egiten duen testua.
Pantzo Hirigarairen Dolua antzezlanari dagokionez, familiako norbait galtzeak larrituta, lagun batek eskatu zion Hirigarairi heriotzari buruz zerbait idazteko.
Hala, antzezlan honetan ikusten ditugu lagun talde bat haien adiskide baten ehorzketetatik itzultzen. Debate bat sortzen da haien artean heriotzaz: ba ote da beste bizi bat ondotik eta nolakoa? Ez dira konturatzen hil den laguna haien artean dela, ez dutelako ez ikusten ez eta entzuten alabaina eta hitz egiten duenean, ez diote erantzuten. Honek gaizki hartzen du haien erantzun eza, hilik dagoela ulertzen ez duelako.
Azkenik, Braulio Cortes Diazen Diario de desdichas 2020an pandemia baten ondorioz itxialdian egon ginen egunetan gertatzen den obra da. Hain zuzen ere, sei asteren ondoren, haurrak kalera atera ahal izan ziren lehen egunean. Kilometro bat, ordubete. “Egun horietan, irrealtasun sentsazioa are indartsuagoa egin zen, nabarmenagoa. Baina ez da egoera hori aztertu edo epaitzen duen obra bat. Ia obra guztiek hitz egiten dutenaz hitz egiten du: giza harremanez, absurdoez eta garen gauza txikiez…”, azaldu du egileak. Irrealtasun giro hori samurtasunez eta umorez erreproduzitu nahi izan du. “Heroi eta billanorik gabe. Gizakiekin bakarrik”.
Denetara 31 gidoi jaso dituzte Cafe Bar Bilbao Sariaren 21. edizio honetan. Hauetatik hamar euskaraz izan dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, “aukeraketa zaila izan da aurkeztutako gidoien kalitate onagatik”.
Datorren otsailaren 29an Cafe Bar Bilbaon eta, Lautan Hiru jaialdiaren baitan, euskarazko bi gidoi irabazleen irakurketa dramatizatua egingo da. Gainera, Pabellon 6 aretoko Antzerki Arinaren Jardunaldien baitan produkziorako laguntza ere izango dute irabazleek, taula gainean erakutsi ahal izateko.