Euskararen orainari eta geroari buruzko gogoetak biltzen ditu lan berriak.
Iñaki Iurrebaso soziolinguistak eta Gari Goikoetxea Tolosako euskara teknikariak ‘Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan’ liburua aurkeztu dute gaur, Elkar argitaletxearen eskutik.
Egileek sinopsian azaldu dutenez, “noraez moduko bat sumatzen da euskalgintzan azken urteotan: euskararen indarberritze-prozesuak beste bultzada bat behar duela, baina zantzu gutxi dago urratsak non-nola egin. Badira esaten dutenak euskararen aldeko grina moteldu egin dela, lo antzean dagoela. Etsipen edo ilunaldi bat ere badago: azken hamarkadetan egindako ahaleginak ez duela ekarri espero izandako –edo amestutako– emaitzarik, batez ere erabilerari dagokionez. Aldartearen edo autoestimuaren ikuspegitik, ez dira euskalgintzaren garairik distiratsuenak”.
Liburuan, esnatze baten premia agerikoa dela nabarmendu nahi izan dute egileek: “astindu bat, urrats handiagoak, bestelako lan-ildoak. Orain artekoarekin honaino iritsi gara; aurrera egiteko, hori baino gehiago behar da”.
Iurrebasok eta Goikoetxeak nola eta norantz ari garen galdetzen diote euren buruari, “sarritan, iritzi-uste hutsetan oinarritutako balorazioak egin ohi dira euskararen egoerari buruz, norbere sentsazioei soilik erreparatuta. Horiek gutxietsi gabe, baina, euskararen etorkizuneko indarberritze-prozesua irudikatzeko, ezinbestekoa da egoerari eta bilakaerari buruzko oinarri sendoa izatea, zer gertatzen ari den ondo ikustea”.
Lanak euskararen indarberritze-prozesuaren momentu giltzarri honetan, hizkuntza-larrialdiaz eta euskararen bidegurutzeaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, ekarpen bat egin nahi du: “beste betaurreko batzuekin begiratu nahi diogu euskararen egoerari, ikuspegi demo-linguistikoan oinarrituz eta hizkuntzaren osasunari buruzko aldagai nagusiak aztertuz”.
Datozen hamarkadetako bidea irudikatzeko, “ezinbestekoa da begiak irekitzea: euskararen bilakaera eta egoera zein diren ohartzea. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur”. Horretarako, liburu honek helduleku izan nahi duela nabarmendu dute: “begirada argitzeko tresna”.