(argazkia: Arabaka Bertsozale Elkartea)

Iñaki Viñasprerentzat finalerdietarako hirugarren txartela

Hurrengo saioa, otsailaren 24an izango da Aramaion, bertako Kultur Etxean, arratsaldeko 17:30ean.

Iritsi da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa, XVI. edizioa da aurtengoa eta berrogei urte pasatu dira Arabako lehen txapelketa jokatu zenetik. Arabako Bertsozale Elkarteak azken edizioetan irudikatu zuen ibilbideari jarraituz, “Arabako bertsolaritzaren gailurrak irudikatzen dituen paisaia prest, 18 bertsolariekin jokatuko den txapelketako lehen fasea larunbatean Lauidion jokatu zen.

Jokoan aritutako sei bertsolariak, hurrengoak izan ziren: Felipe Zelaieta Txurruka (Mallabia/Gasteiz), Martin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio), Izar Mendiguren Cosgaya (Laudio), Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku), Unai Anda Delika (Ametzaga) eta Asier Otamendi Alkorta (Urretxu/Gasteiz).

Lehen fase honetan 13na bertso puntuagarri kantatu zituzten bertsolariek. Ariketa guztiak egin ondoren, Iñaki Viñasprek lortu zituen puntu gehien,  263 puntu. Hiru final laurdenetako puntuazioaren hurrenkeran osatuko dira finalerdiak. Puntuazioak ondorengoak izan ziren: Iñaki Viñaspre (263 puntu), Asier Otamendi (251.5 puntu), Unai Anda (251 puntu), Izar Mendiguren (241.5 puntu), Martin Abarrategi (233.5 puntu) eta Felipe Zelaieta (214.5 puntu)

Hamahiru lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik Oier Azkarraga Grajales izan zen Laudioko aurkezlea. Lehen faseko, final laurdenetako epaimahaia, horrela osatuta egon zen: Ekaitz Elorriaga Anduaga, Aitor Jimenez Tolosana eta Egoitz Iradier Martinez de Albeniz. Endika Jimenez Enbeita, berriz, idazkari lanetan aritu zen.

Hurrengo saioa, otsailaren 24an izango da Aramaion, bertako Kultur Etxean, arratsaldeko 17:30ean.

Zabaldu: