55 urte dira Iñaki Zubeldiak eta Jesus Manuel Marotok haitzuloetako lehoiaren hezurdura aurkitu zutela, Oñatiko Arrikrutz kobetan. Aurkikuntza horren kronika dakar lanak.
Arrikrutz-Oñatiko Kobak proiektua 2007ko ekainaren 7an abiatu zen, 15 kilometroko kobazulo sarean 500 metro bisitatzeko. Arrikrutz, Arantzazu eta Araotz auzoen artean kokatutako kobazuloa, bere dimentsioengatik da garrantzitsua, eta Gesaltza-Arrikrutz-Gesarribe koba multzoa osatzen du. Baina Arrikrutzen tamaina ez da ezaugarri garrantzitsu bakarra, Gipuzkoako luzeena eta Euskal Herriko luzeenetakoa izan arren, paleontologia aldetik gune aberatsa da, Euskal Herrian bizitako faunaren adierazgarri.
Arrikrutzen denetariko hezurdurak aurkitu dituzte: errinozero iletsuarena, leize hienarena eta orein erraldoiaren aztarnak, eta leize-hartzen hezur ugari, besteak beste, baina ezagunena bertako leize-lehoia da, hezurdura osoa aurkitu baitzen bertan. Aipatzekoa da iberiar penintsulan horrelako aurkikuntza bakarra izan zela, duela gutxira arte, eta Europan hirugarrena.
Pleistozenoan Izotz Aroek markatutako garaian, 2.000.000 urtetik 11.000ra bitartean, bizi izan zen Arrikruzko lehoia. Holozenoan sartzerakoan, klima aldaketarekin, animalia espezie asko galdu ziren, tartean leize-lehoia.
Gaur egun lehoiak Afrikako sabanarekin lotzen baditugu ere, Eurasian eta Ipar Amerikan ere bizi izan ziren Pleistozenoan. Europan, zazpiehun mila urte dituzte lehoi-fosil zaharrenek. Lehoi euroasiar horiek, gaur egungoak baino handiagoak, “leize-lehoia” deritzon espeziekoak ziren, eta hainbat ekosistematan bizi izan ziren une glaziar zein interglaziarretan. “Gure arbasoak felido handi horiekin bizi izan ziren, haitzulo askotako hormetan marraztu edo grabatu zituzten eta estatua txiki batzuetan irudikatu. Irudi horiei esker badakigu arrek adatsik ez zutela, edota, izatekotan, oso txikia zutela. Zergatik desagertu ziren ez dakigu, baina azken glaziazioaren amaierako klima-aldaketak eta giza ehizak zerikusia izan dezakete desagertze horretan”, adierazi du Oñatiko Udalak.
Lehoia protagonista
Arrikruzko lehoi-eskeletoa iberiar penintsulako osoena da. Iñaki Zubeldiak eta Jesus Manuel Marotok aurkitu zuten 1966an, eta Jesus Altunak aztertu zuen. Haitzuloan hil zen lehoi heldu batena da. Gurutzeraino gutxi gorabehera 1-1,2 metroko altuera zeukala uste da, eta 250 kiloko pisua. “Handi-handia zen, egungo arren batezbestekoaren gainetik, baina hala ere ez zen handienetako bat, Arrikruzko Larrayotz galerian 330 kiloko lehoi baten izterrezurra topatu zelako”.
Aurkitzailearen kontaketa
Aurkikuntzaren 55. Urteurrenarekin bat eginez, Zubeldiak Oñatiko Udalaren eskutik Lehoiaren atzaparretan galduta liburua argitaratu du. Lana benetako gertakizun batean oinarrituta dago. Zubeldiak eta Marotok 1966ko udazkenean, Arrikrutzen leizeetako lehoiaren hezurdura osoa aurkitu zuten ezustean eta berehala galdu egin ziren. Gau osoa leizeko barrunberik sakonenean pasatu zuten, handik irten ezinik. Sarreratik ia hiru kilometrora zeuden eta inor ez zen joan haien bila hurrengo egunera arte. Goizeko seietan “adar salbatzaile” baten doinua entzun zuten eta irtetea lortu zuten. Baina gau osoan haluzinazioak, estutasun izugarria, bertan betiko geratuko ziren beldurra eta izua sentitu zuten.
Liburua Oñatiko liburu dendetan, txokolaterian edo turismo bulegoan eskuratu ahal izango da 12 euroren truke.