Lehenengo hitzordua hilaren 29an izango da Lasarteko jaietan. Besteak beste, Ordizia, Oiartzun eta Oñatiko jaietan ere izango dira uztailean eta abuztuan.
Indabe talde donostiarrak estreinako diskoa kaleratu zuen martxoan Ez banaiz izenpean eta orain bira iragarri du. Hiru urte abestien bertsioekin hainbat jai eta gaztetxetan kontzertuak ematen igaro ondoren, Norak, Peruk eta Uxuek osatzen duten hirukoak “lan zintzoa eta zirraragarria” egin dutela diote.
Ez banaiz diskoarekin, urrats sendoa eman du taldeak bere ibilbidean. Identitateari, ixten diren zikloei eta irekitzen diren beste batzuei, ohiturei eta kristalezko hiriei buruz hitz egiten du lanak. Gitarrak, baxua eta bateria ardatz, pop-rockaren eremuan kokatzen du hirukoteak bere musika, baina ez da etiketetan ixten. Asmoen deklarazio bat da talde honena: “ametsak eta nostalgia azaletik idatziak”.
Lan berria zazpi kantuz osatuta dago eta horietako batek Etxakalte taldearen kolaborazio berezia dakar. Disko berriak biltzen dituen abestietatik bost joan den otsailean grabatu zituzten Gaztain Estudioetan Eñaut Gaztañagaren eskutik, beste biak, Azaletik eta Banoa, berriz, aurrez grabatu zituzten Ozen Estudioetan.
2025eko martxoaren 21ean eman zuten argitara albuma. Ondoren, apirilaren 11n, Platero tabernan aurkeztu zuten diskoa formatu akustikoan, eta harrera oso ona izan zuten.
Orain disko berria agertokietan defendatzeko ordua heldu zaien musikari donostiarrei eta lehenengo hitzordua hilaren 29an izango da Lasarteko jaietan. Besteak beste, Ordizia, Oiartzun eta Oñatiko jaietan ere izango dira uztailean eta abuztuan.