Bilboko txabolismoa 60ko hamarkadan aztertuko du Basauriko egileak.
Iñigo Lopez historialariak irabazi du 2020ko Tene Mujika beka, Bilbon, XX. mendearen erdialdean izandako txabolismoa aztertuko duen proiektuarekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Lopezena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du historialariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
1950etik aurrera hazkunde ekonomiko handia gertatu zen Bilbo aldean eta beste zenbait inguru industrialetan. Aldi berean, Estatu espainiarreko hainbat zonatan, milaka gazte bere lurra uzteko eta migratzeko prest zeuden, etorkizun hobe baten bila. Hortaz, Extremadura, Galizia edo Gaztelako landa-lurretatik samaldaka iritsi ziren gizon-emakumeak, baina garaiko agintariek ez zituzten azpiegiturak abiada berean prestatu, eta etxebizitzen gabeziari aurre egiteko, migratzaile haiek etxolak eraiki behar izan zituzten. Horrela sortu ziren txabola auzoak Bilboren inguru osoan 50eko hamarkada amaieratik aurrera, eta fenomeno hori gertutik aztertu nahi du liburu honek; bai testuinguru sozioekonomikoan kokatuz, bai protagonisten bizipenak ahoz aho jasoz.
Iñigo Lopez Simon 1984an jaio zen, Basaurin (Bizkaia). Historian doktorea da; hiri marjinalitateari eta gazte delinkuentziari buruzko tesi bat egin zuen, eta Bilboko Otxarkoaga auzoko txabolismoaz ere idatzi izan du. Hauxe izango du arlo akademikotik kanpoko lehenbiziko argitalpena.