Iñigo Muguruza Musika Ikertzeko Beka sortu dute

Azken hamarkadetako musika modernoarekin lotutako ikerketak bultzatzea du xede ekimenak.

Euskal rockaren pizkundeko izen garrantzitsuetako bat izan zen Iñigo Muguruza. Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Delirium Tremens, Lurra… musika talde askotako kide eta baita Irungo Musika Eskolan gitarra elektrikoko irakasle ere, 25 urtez. Musikan ibilbide oparoa egin zuen irailean zendutako musikariak. Hori dela eta, Irungo Udalak Muguruza omendu nahi du, Musika Ikertzeko Beka martxan jarrita. Musikariak “urte asko eman zituen musika arloan ikerketa sustatzen, eta euskal panoraman eta gure mugetatik kanpo ospe handia lortu zuen”. Bekak, gainera, “berea bezain garrantzitsua den ondarea belaunaldi berrien eskura jartzeko balio du”, nabarmendu du Jose Antonio Santano Irungo alkateak.

Hala, Beka honek azken hamarkadetako euskal musika modernoarekin zerikusia duten ikerketak bultzatuko ditu. Taldeak, interpreteak, musika-gaiak, biografiak, errepertorioa, herri-musikaren irakaskuntzan eta dibulgazioan lagunduko duen material didaktiko-pedagogikoa, eragin soziologikoa, eragin ekonomikoa eta abar landuko ditu ikerlanak, betiere azken lau hamarkadetara mugatuta, eta euskal musikaren esparruan.

Beka edozeinek eskatu ahal izango du: banaka edo taldeka, eta ikerketa-lanaren zuzendari arduradun bat izendatuko da. Martxoaren 16an hasita, 20 egun balioduneko tartea egongo da hautagaitzak aurkezteko. Beka esleitzen denetik, irabazleak zortzi hilabeteko epea izango du gehienez lana amaitzeko. Irabazleak 8.000 euro jasoko ditu.

Deialdiaren oinarriak, aurkeztu beharreko materiala eta inprimakiak, eta gainerako informazio guztia hemen.

Zabaldu: