Iñigo Muguruza musikaria gogoratzeko asmoz, I. Paradisu Zinema Musika Bekarako deialdia abiatu dute

Musikarien lanak sustatzea eta laguntzea du helburu bekak. Proiektuak, 2023eko martxoaren 22tik ekainaren 30era bitartean bidali ahal izango dira paradisuzinemabeka@elkar.eus edota Elkar Musika. Haizpea industriagunea 1. 20150 Aduna. Gipuzkoa helbideetara.

Iñigo Muguruza musikaria gogoratzeko asmoz, Elkar argitaletxeak, EHZ Festibalak eta Antxeta Irratiak I. Paradisu Zinema Musika Bekarako deialdia jarri dute martxan. Musikarien lanak sustatzea eta laguntzea du helburu bekak.

Azaldu dutenez, deialdi honetara, musika lanak grabatzeko proiektuak aurkeztu ahal  izango dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka deialdia diskoa grabatzeko eta argitaratzeko izango litzatekela zehaztu dute.

Jasotako proiektu guztiak Elkar argitaletxeko, EHZ festibaleko eta Antxeta Irratiko ordezkariekin osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta irabazlearen izena emango du ezagutzera. Epaimahaia honako lagunek osatuko dute: Joana Barbier (EHZ Festibala), Andres Camio (Elkar Musika), Maia Muruaga (Antxeta irratia).

2023ko irailean emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

Bekak 10.000 euroko balioa izango du eta era honetara bideratuko da: %50a Elkar estudioko orduetan emango da grabaketa eta edizio lanetarako; gainerako %50a argitalpen kosteak eta honen sustapena bideratzeko erabiliko da, eta honez gain, 2024ko EHZ festibalean jotzeko aukera eskainiko zaio irabazleari.

Irabazleak izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, lan amaitua Elkar argitaletxeari helarazteko eta epaimahaiaren onespena jasotzeko. Azaldu dutenez, “luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, gutxienez hamar kanta izan beharko ditu azken lanak”. Tarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, argitaletxeari, EHZ Festibalari eta Antxeta Irratiari eman beharko dio aldaketaren berri eta epaimahaikoen onespena jaso. Horrez gain, irabazleak proiektuaren berri emango die hiru hilero sustatzaileei.

Proiektuak 2023eko martxoaren 22tik ekainaren 30era bitartean bidali ahal izango dira paradisuzinemabeka@elkar.eus edota Elkar Musika. Haizpea industriagunea 1. 20150 Aduna. Gipuzkoa helbideetara.

Zabaldu: