Iñigo Muguruza omenduko dute Donostiako Zinemaldi Alternatiboan

Irailaren 20tik urriaren 1era bitartean, hamar film eta dokumental eskainiko dituzte hiriko hainbat gune autogestionatutan.

Hamaikagarren edizioa du aurten, hilaren 20an, hasiko den Donostiako  Zinemaldi Alternatiboak, SSIF-ak (San Sebastian Insurrectionary Fandango Festival), eta beste hamaika ospatzeko gogorik ez zaiela falta aitortu dute antolatzaileek.

Zinema eta gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartzen dira Donostiako Zinemaldi Alternatibo honetan, talde gogoeta sustatzeko tresna izateaz gain, hemengo, hango eta haragoko erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu ere izan nahi du.

2006ean izan zuen ekimenak bere lehenengo edizioa, Donostiako Parte Zaharrean. 2010ean, Kortxoenea gaztetxearen eskutik heldu zen bigarrena, eta, orotara bost edizio egin dituzte bertan.

2014an baina, Txantxarreka gaztetxean (Antigua) eta Itsas Gain Zentro Sozial Okupatuan (Aldapeta) izan zen. 2016an, eta Europako Kultur Hiriburutzaren karietara, Donostiasaldutasuntsitu kolektiboaren eskutik, hiriko bazter ezberdinetan antolatu zuten Zinemaldi Alternatiboa. “Tarte honetan, hamaika izan dira oihalak jaso, argiak itzali eta zinema kritikoaren gogoetak pizteko ateak zabaldu dituzten proiektuak: Letaman gaztetxea (Intxaurrondo), Firestone Lantegi Berreskuratua (Añorga Txiki), Kaxilda liburu denda, Arrano euskara elkartea (Parte Zaharra), Kijera gaztetxea (Parte Zaharra)…”

Donostia “zinema plato erraldoi” batean bilakatu dutela diote ekimeneko antolatzaileek, “kapitala zuzendari eta produktore, hiriko mandazainak kamera-laguntzaile, eta herritarrak figurante huts, otzan eta mutu beti ere. Mugitzen dena, argazkitik kanpo da. Eta ez gara, ez, geldirik geratzekoak. Argazkian irten baino, nahiago gure zerak, gure ontasunak eta miseriak, guk geuk kontatutako moduan aditu eta ikusi, ezagutu”.

Horretarako, hamar film eskainiko dituzte urriaren 1era arte eta zendu berri den Iñigo Muguruza musikariari ere omenaldia egingo diote, Txantxarrekan LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala proiektatuz (bertan elkarrizketatuetako bat Muguruza bera da), eta saioaren aurretik musikariaren Nahia film laburra ikusteko aukera ere egongo da.

Egitaraua:

Ostirala, 20. Letaman gaztetxea (Intxaurrondo): Poble Rebel dokumentala, Katalunia disidentearen historia 73tik. Ondoren solasaldia Kataluniako egoeraren berri zuzena duten lagunekin.

Astelehena 23. Kijera gaztetxea (Parte Zaharra): Precaristas, Kanaria Handiko etxebizitzaren egoerari eta Sindicato de Inquilinas de Gran Canariaren antolakuntzari buruzko dokumentala.

Asteartea, 24. Marruma elkartea (Gros): Joxean’s Hil Eben eta Ataun Of The Dead filmak. Marruma Kulturalak ekimenaren baitan.

Asteazkena, 25. Marruma elkartea (Gros): Napardeath filma. Marruma Kulturalak ekimenaren baitan.

Osteguna, 26. Kijera gaztetxea (Parte Zaharra): Tot Inclós dokumentala, Turismoaren kalteak eta ondorioak Balear Irletan. Bizilagunekin plataformaren eskutik.

Ostirala, 27. Txantxarreka gaztetxea (Antigua): LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala + Iñigo Muguruzak zuzenduriko NAHIA laburmetraia.

Igandea, 29. Firestone (Añorga): Bide zuzena, ibilbide OKERRAK dokumentala, Gasteizko LGTBQ mugimendua 1993-2018. Ondoren solasaldia zuzendariarekin eta Harroko kideekin.

Urriak 1. Txoko Internazionalista (Egia): Komite Internazionalen eskutik, Yallah Yalla dokumentala, Ondoren solasaldia Cristian Pirovano zuzendari argentinarraren eskutik.

Zabaldu: