(argazkia: Euskaraldia)

Inoiz baino herri gehiagotan piztu da Euskaraldiaren beharra

135.000 lagunen izen-emateak jaso diren arren, antolakuntzak aitortu du nahi baino txapa gutxiago ikusi direla kalean, “hori aztertu beharrekoa da”, diote. Zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai baina gero janzten ez duten. Izan ere, askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko”.

Atzo bukatu zen Euskaraldia eta bertako koordinazio mahaia lehen balorazioa egiteko bildu da gaur Bilbon. Adierazi dutenez, “inoizko herri gehienek antolatu dute laugarren edizio honetako Euskaraldia. Benetan berri pozgarri da euskararen biziberritzean lanean dihardugun eragile eta norbanako guztientzat. Horrek esan nahi baitu, inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa. 450 herri izan dira, Euskaraldian murgildu direnak”.

Nabarmendu dutenez, “esfortzu handia egin da mugimendua sortzen, herriz herri lanketa egiten”. Euskaraldiko lantaldearen egiteko garrantzitsua izan da tokiz toki sortzen diren batzorde horiek hauspotzea, informazioa ematea eta aholkularitza eta laguntza eskaintzea. Horretarako, ehunka bilera egin dira batzordekideekin, “ederra izan da Euskal Herriko txoko ezberdinak Euskaraldiarekin loratu direla ikustea, ederra tokian-toki sortu den mugimenduaren berri izan eta bidelagun izatea”.

Euskal Herri osoko herri eta auzoetan euskararen inguruko mugimendua sortzea zen Euskaraldiaren lehen egiteko bat, “garrantzitsua oinarria sortzeko, eta Euskaraldia zein bestelako ekimenak aurrera eramateko”. Helburu honi erantzuteko asmoz sortu zen Euskara aktibatzaileen gida-liburua, eta liburuaren aurkezpenean bildu ziren, 2024ko irailaren 26an, 200 lagunetik gora Eibarren, Euskaraldiaren lehen urratsak emateko.  “Orokorrean herri batzordeen osasunaren seinale da tokian-toki sortzen den mugimendua eta ekintzak antolatzeko gogoa eta ahala; horri erreparatuta, herri eta auzoetan ekitaldi andana antolatu dituzte. Horrek ekarri du euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatzea 11 egun horietan ere”.

Aipatu dutenez, urtaro aldaketa izan da Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat, udazkenetik udaberrira pasa baita ariketaldia. Aldaketa oso ondo baloratu dute batzordeek eta gainerako eragileek, horrek aldartean eta giroan onura ekarri duelako bai herrian eta baita batzordekideen artean ere.

Gero eta entitate gehiago 

Euskaraldiaren bigarren edizioan, 2020an, lehen aldiz entitateei Euskaraldian parte hartzeko proposatu zieten. “Uste genuen entitateak euskararen erabileran eragiteko ezinbesteko guneak zirela, bai entitate barruan euskararen erabilera zabaltzeko, eta baita bertako kideen artean Euskaraldiaren helburuak betetzeko ere. Eta asmatu genuen. Laugarren edizio honek erakutsi du, beste behin ere, mota guztietako entitateek euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak emateko prest daudela”.

Laugarren edizio honetan 7.500 entitatetik gora berretsi dute Euskaraldian parte hartu nahi dutela, euren kideen artean Euskaraldia sustatuz, ikusgarri eginez eta euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez. Aurreko urteetako izen-emate kopurua gainditu du oraingoak.

Entitateekin izaten duten harremana epe luzekoa izan ohi dela azpimarratu dute, “ariketaren aurretik ere lanketak eta elkarlana jarraia izaten baita. Entitate horietako askok adierazi dute Euskaraldian parte hartzeak entitatean euskararen erabilera areagotzeko urratsak ematen laguntzen duela. Berri ezinhobea da hori”.

Belarriprest eta ahobiziri dagokionez, “gaur gaurkoz ia 135.000 lagunen izen-emateak ditugu jasota edizio honetan; nahiz eta oraindik badiren jaso gabeko batzuk, paperezko orrietan eman zutelako izena, adibidez. Eta izena eman dutela aipatzen dugunean, diogu milaka eta milaka lagun horiek herritako mahaietan, ordenagailuaren edo mugikorraren bidez, berariaz euskaraldia.eus helbidean sartu eta euren datuak eman dituztela euskaraz gehiago hitz egin eta entzun nahi dutelako, ikaragarria da hori”.

Hala ere, jakin badakite jende askok izenik eman gabe hartu duela parte ariketan: “aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa iruditu ez zaielako, aurreko edizioko txapa etxean gordeta zutelako… horren adibide da txapa banaketa. Izan ere, herri asko eta askotan izen emateak baino txapa gehiago banatu dira”.

Hala ere, aitortu dute nahi baino txapa gutxiago ikusi dituztela kalean, “hori aztertu beharrekoa da”, diote. Zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai baina gero janzten ez duten. Izan ere, askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko”.

Dena dela, uste dute, “orain arte iritsi ez garen herritar geruza batera ere iritsi dela Euskaraldia. Orain arte parte hartu ez duten askok hartu dutela parte ariketan, izan entitatearen bitartez ezagutu duelako edo batzordea iritsi delako eurengana. Zabaltzeko beste pauso bat eman du, beraz, ariketak”.

Balorazioa sakona

Orain aurrera begira jartzeko unea heldu zaie antolatzaileei, eta ariketaren inguruko balorazio sakonagoa egitea askotariko eragileekin: “herri batzordeak, eragileak, entitateak… hurrengo Euskaraldia are hobeagoa izan dadin”. Balorazio hori egiteko garrantzitsua iruditzen zaie Euskaraldian parte hartuko duten belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jasotzea, horretarako parte hartzaile guztiei https://euskaraldia.eus/bizipenak/  gunean sartu eta ariketan bizitakoak parteka ditzaten eskatu diete.

Zabaldu:

Utzi erantzuna