Liburuko protagonistak hiru neska izatea nahi zuen idazleak, “gizonek gizonentzat eraikitako mundu hierarkiko batean, mundu horri aurpegi ematen”.
Bioklik helduentzako eleberriaren ostean, gazte literaturara egin du jauzia Asel Luzarraga (Bilbo, 1971) idazleak, Inoren munduan (Elkar) eleberriarekin. Bertan, Baso eta ibai, mendi eta mortu, itsaso eta hiriz osaturiko lurralde ezezagun eta denbora zehaztugabe batera garamatza egileak abenturaz eta fantasiaz, borrokaz eta errebeldiaz beterik.
Nobelako protagonistei dagokienez, hiru neska izatea nahi zuen Luzarragak, “gizonek gizonentzat eraikitako mundu hierarkiko batean, mundu horri aurpegi ematen”. Hala, pertsonaiak Aize eta Hodei izango dira, egoera zailean topo egingo duten bi emakume gazte; andre gerlarien leinutik erbesteratua bata, sorginen askazikoa izateagatik jazarria bestea, era guztietako etsai eta arerioei egin beharko diete aurre, bidean topatuko duten Leixuri adiskidearekin batera.
Liburu honek historia berezia duela azaldu idazleak. Berez, euskaraz idazten hasi zen bigarren lana izan zen, unibertsitate garaian, Hamaika ispili ganbil prestatzen zuen bitartean. 90eko hamarkadan izan zen hori, “hamabost urte nituela, oker ez banago, Hobbita irakurri nuenetik, bolada luzea eman nuen fantasiazko eleberriak irensten, eta irakurri ez ezik, ildo horretatik idazteari ekin nion. Gazteleraz idatzi behar nuen, artean nire euskara A ereduan ikasitako edozein erdaldunena baitzen, gutxi gorabehera, eta hala utzi nuen 500 orrialde inguruko bat amaituta eta haren jarraipena behar zuena amaitzeko zorian”. Euskaraz idazten hasi zenean, beraz, estilo horretako bati ekitea otu zitzaion Luzarragari, baina, “nire lehenengo liburuetako protagonisten artean punk itxurako leinu anarkista bat bazegoen, euskarazko horretan erabaki nuen neskek behar zutela protagonismoa”. Hasiera batean idazleak ez zion izenbururik jarri, baina hiru protagonisten soslaien apunteak egin, asmatutako munduko mapa arkatzez marraztu, lehenengo kapitulua idatzi, eta bigarrenaren hasieran geratu zen. Geroko proiektua izango zen, Hamaika ispilu ganbil amaitu behar zuen lehenago.
Urteak pasa, eta lantzean behin berarekin topo egiten zuen arren, beste ildo batetik zihoan Luzarragaren literatura ordurako. Baina azkenean, hasieran helduentzako nobela izateko pentsatuta zegoena gazte-literatura bihurtzea erabaki eta hala hasi zen egilea, idatzita zegoena pixka bat moldatzen. Gainerakoan, hogei bat urte lehenago pentsatutako ildoari eutsi zion. “Gertakari gehienak ere hasieratik pentsatutakoak dira eta baita amaiera ere”.
(Bideoa: Elkar)