(Lara Izagirreren 'Nora' filma)

Ipar Euskal Herrian udan euskal zinema hedatzeko EKEren egitasmoak

Uda honetan antolatuko diren euskal zinemaren gaineko hainbat ekitaldi EKE-ren partaidetzarekin aurkeztuko dira.

Joan den maiatzaren 19an Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko zinema aretoak berriz ireki zituzten, pandemiaren eraginez zazpi hilabetez itxita egon ondoren. Aretoen irekierarekin Euskal Kultur Erakundeak koordinatzen duen irudi hezkuntzarako Zineskola dispositiboa berriz bultzatu du Iparraldeko 43 herritako 92 ikastetxetan. Horrela, ekainaren 29ra arte, 5.200 ikaslek Arratoi pirata, Kérity eta Lur eta Amets filmak ikusteko parada izango dute lurraldeko hamar zinema aretotan.

Bestalde, EKE-k euskal zinema hedatzen laguntzen du, izan zinema jaialdietan edo euskal zinemari eskainitako gaualdien bidez. Hala, publikoaren eta zinemagileen arteko topaketak bultzatzen ditu.

Halaber, Atalante zinema aretoak urtero antolatzen duen zinema independenteari eta sorkuntzari buruzko Rencontres sur les Docks – Docketan Topa ekitaldi nagusia sostengatuko du, ekainaren 23tik 26ra. Festibal horrek espazio zabala eskainiko dio euskal zinemari, hainbat jardunaldi profesionalekin, Hemendik egonaldia barne, edo Nora eta Akelarre filmen estreinaldien karietara Lara Izagirre eta Pablo Agüero egileekin antolatuko diren topaketekin. Iratxe Fresnedak, bere aldetik,  Irrintziaren oihartzunak dokumentala aurkeztuko du, emakumeek euskal zineman duten presentzia hizpide izango duen mahainguruarekin batera.

Bestalde, Txaber Larreategi eta Josu Martinezen Caminho Longe dokumentala Baionako Atalante aretoan proiektatuko da ekainaren 18an, Fipadoc festibalaren barruan, eta ondoren, Iparraldeko hainbat zinema aretotan ikusi ahal izango da; Pablo Agüeroren Akelarre filmaren estreinaldia Donibane Lohizuneko Le Sélect aretoan izango da, ekainaren 27an, eta Oskar Alegriaren Zumiriki filma uztailaren 9an izango da Le Sélecten ere eta uztailaren 10ean Mauleko Maule Baitha aretoetan.

Azkenik, uda bukaeran, hiru euskal film Estatu frantseseko pantailetan ikusgai izango dira: Pablo Agüeroren Akelarre abuztuaren 25etik aurrera, Eugene Greenen Atarrabia eta Mikelats irailaren 1etik aurrera, eta Lara Izagirreren Nora irailaren 8tik aurrera. Film horiek Iparraldean antolatuko diren zinema gaualdi berezietan aurkeztuko dira.

Zabaldu: