Irailekoak jaialdiaren bitartez, euskal poeten lana gizarteratu nahi da. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute hilaren 28an eta 29an.
Euskaltzaindiak poesiari lotutako jaialdia antolatu du berriz ere, oraingoan Itsasuko Herriko Etxearekin elkarlanean eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin. Horrela, irailaren 28an egun, osoz, eta 29an, goizez, izango da aurtengo Irailekoak eta olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile ugarik parte hartuko du bertan. Egitasmoaren nolakotasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbildu duenez, “Irailekoak-en helburuak ez dira aldatu: euskal poesia sustatu eta euskal poetei beste plaza bat eskaini, plaza bizi eta erakargarri bat, beraien lanak ezagutarazteko”.
Mizel Hiribarren Itsasuko auzapeza ere pozik agertu da, “ongi etorri Itsasura 2024ko Irailekoei. Harrotasunez hartzen zaituztegu. Agian, gure errekek, harriek eta herritarrek eskainiko dizuete oihartzunik sentikorrena. Gure plazak hor dituzue lehengo eta biharko olerki zahar eta berrien portu”.
Itxaro Borda euskaltzain osoak, bere aldetik, egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu, eta nabarmendu du sarrera libre eta doakoa izango dela ekitaldi guztietara: “Lehenengo egunean, irailak 28 dituela, Ipar Euskal Herriko poesiaren nondik norakoak aztertuko ditu Katixa Dolhare-Zaldunbide irakasleak, Sanoki gelan. Hitzaldi mamitsu eta zinez interesgarria izanen da. Ondoren, Itsasuko Gaineko plazan, poesia-irakurraldia izanen da Anjel Erro, Maddi Sarasua eta Harkaitz Canorekin, ekitaldia Pantxix Bidarte musikariak girotuko duela. Arratsaldean, Munduko Poesia Kaierak egitasmoari emango zaio bide, emanaldi ibiltari batekin. Egun berean, baina gauez, kontzertu bikoitza antolatu dugu, hain zuzen, Maddi Oihenart eta Jeremie Garatek eta Alide Sansek emango dutena. Itsasuko elizan izanen da, eta azpimarratu behar dut Sansek estreinakoz ematen duela kontzertu bat Euskal Herrian, beraz, beste aitzakia eder bat asteburu horretan Itsasura hurbiltzeko”.
Azkenik, Bordak gogoratu du jaialdiak euskal poeten lana gizarteratu nahi duela batez ere, baina beste bazter batzuetako poeten lana ahantzi gabe: “Zentzu horretan, mintzaldi interesgarria emango du Sergi Javaloyes idazle eta itzultzaileak Itsasuko haurtzaindegian (Elizaldean), bertan okzitanierazko literatura aztertuko duela sakonki. Ondoren, irakurraldi elebiduna izanen da toki berean, Aurelia Lassaca poeta okzitaniarraren eta Coralie Nazabal musikariaren eskutik”.
Jarduera osagarriak
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak eta Herriko Etxea bera. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edota Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira. Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkariaren bigarren zenbakia plazaratuko da, “oroigarri intelektual-poetiko gisa”. Aurten, Christine Etchevers Baionako margolariak edertu du jaialdian parte hartuko duten poeta eta ikusleen artean banatuko den argitalpen hori.