(argazkia: Xan Ansalas)

Ipar Euskal Herriko kultur guneek itxita daramate urritik

Kultur eragileek Baionako antzokia okupatzen hasi ziren joan de martxoaren 24an, sektorea jasaten ari den kalteak salatzeko eta kultur guneen irekiera aldarrikatzeko.

Ipar Euskal Herriko kultur guneek itxita daramate urriaren 30etik eta egoera horrek sektorean eragin dituen kalteak salatzeko eta gune horien irekiera aldarrikatzeko, Baionako Michel Portal antzokia okupatzen hasi ziren diziplina askotako 120 kultur eragile, tartean teknikariak eta ekoizleak.

Xabi Etxeberri musikariak Euskal Telebistako Eztabaidan saioan azaldu duenez, urtarrilaren 20an dena berriz irekitzeko itxaropena zeukaten, baina ez da horrela izan, “abenduan hasi ginen mobilizatzen, gobernua gezurretan ari zela sentitzen genuelako”.

Kultur eragileak astean birritan elkartzen dira Baionako antzokian: astearte eta ostiral goizetan. Ostiral arratsaldetan, berriz, ekintzak egin eta zinegotziak eta kultura erakundeko ordezkari batzuk gonbidatzen dituztela kontatu du Etxeberrik. Larunbatetan ekimen horiek zabaltzen saiatzen dira Iparralde osoan zehar. Hala, Azkainen, Senperen, Hendaian izan ziren pasa den larunbatean eta hurrengo asteburuan Hazparnen eta Maulen egitea erabaki dute. “Helburua inklusiboa izatea eta ahal bezain beste pertsona hunkitzea da”, adierazi du Etxeberrik.

Musikariak dionez, “moralki denoi eragiten digu egoera honek eta jendearen ongizatearentzat, antzokiak berriz ireki behar direla uste dut, ez gara bakarrik borrokan ari guk lan egiteko, baizik eta jendeak ere eskatzen duelako, haientzat ere bada” .

Zabaldu: