Martxoaren 24an GuraShow taldearen kontzertua izango da

Iparraldea Bertan zikloaren 19. edizioa aurkeztu dute

Hamabost sortzaile baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo jaialdian. Emanaldi guztiak martxoko astearte arratsaldeetan izango dira, 19:30ean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean zubiak eraikitzea, mugak ezabatzea eta Iparraldeko kultura bizia hegoaldean ezagutzera ematea dira Iparraldea Bertan jardunaldi hauen helburu nagusiak. Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean, Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatutako jardunaldiak urtero antolatzen dituzte, 2002an sortu zutenetik. Aurreko edizioetan erakusketak, poesia errezitaldiak, kantu eta musika emanaldiak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak eta abar jaso dituzte.

Aurtengo jaialdian, hamabost sortzaile baino gehiagok parte hartuko dute. Euskal Kultur Erakundeak aurreratu dutenez, emanaldi guztiak martxoko astearte arratsaldeetan izango dira, 19:30ean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian. Hala, lehenengo egunean, martxoak 3, Gaztelondon zer berri antzezlana ikusteko aukera egongo da, hilaren 10an berriz, Antton Larrandaburu & Bitxiloreak taldearen kontzertua, 17an Hala izan ala ez izan ikuskizuna eta aurtengo egitarauarekin bukatzeko, martxoaren 24an bost gurasoz osautako GuraShow taldearen kontzertua izango da.

Horretaz gain, zikloa irauten duen bitartean Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian Mixel Labéguerie gogoan izeneko erakusketa bisitatzeko aukera egongo da. Uztaritzeko musikariaren heriotzaren 40. urteurrenarekin bat eginez antolatu dute erakusketa.

Zabaldu: