(argazkia: Getxo Kultura)

Irailaren 10etik 14ra egingo da Getxo Folk Jaialdia

41. edizioak hamahiru emanaldi eskainiko ditu, horietatik bost ordainpekoak izango dira eta gainerakoak doan.

Musika herritarrei hurbiltzeko asmoz, erritmo tradizionalak eta beste genero eta estilo batzuk uztartzen dituen Folk jaialdia egingo dute irailaren 10etik 14ra bitartean, Getxon. Horretarako, antolatzaileek egitarau zabala antolatu dute, gune irekietan, Muxikebarriko abonu kontzertuez gain (20:00). Hala, Areetako Geltokia plazaren ingurura eramango dute musika, goizez eta arratsaldez, eta jatorri askotako artisten eta taldeen erritmoak entzuteko aukera egongo da.

Gainera, gazteen aldeko apustua egingo dute Ereaga hondartzako emanaldiekin (hilaren 12an eta 13an).

Denera, jaialdiak hamahiru emanaldi eskainiko ditu, horietatik bost ordainpekoak eta gainerakoak doakoak.

Sarrerarekin eskainiko diren kontzertuak hilaren 10ean hasiko dira, Xabier Zeberio musikari gipuzkoarraren Pause proiektuarekin. Bakarkako lehen diskoaren abestiak harizko instrumentuen eremura eramango ditu, Andres Isasi Musika Eskolako ikasleen laguntzarekin. Hurrengo egunean, irailaren 11n, Estrella Morenteren txanda izango da.

Hilaren 12an, Capercaillie taldea igoko da oholtzara. Musikari eskoziar hauek ibilbide luzea dute egina eta bere herrialdeko eta kanpoko erritmo tradizionaletako erreferentzia nagusietako bat izan da, sustraiko musikak beste joera batzuekin uztartuz.

Hilaren 13an, Carminhoren txanda izango da. Portugalgo fado eta kantu tradizionaleko artisten belaunaldi berri baten erakusle da, eta forma eta musika paisaia berriak aztertzeko gaitasunagatik nabarmentzen da, kanon tradizionalak alde batera lagata, baina sustrai sakonak dituen genero baten bidea alde batera utzi gabe.

Azkenik, hilaren 14an, Hunkidura kuttunak ikuskizuna izango da. Hainbat diziplinatako artistek omenaldia egingo diote Benito Lertxundiri. Kukai Dantza eta Arkaitz Hormaetxeren zuzendaritzapean, Mikel Markezek, Idoia Asurmendik, Janus Lesterrek eta Miruak, besteak beste, ibilbide musikal eta emozionala proposatzen dute musikari oriotar handiaren ibilbidean zehar.

Doako kontzertuak

Getxo Folk jaialdiaren programazioarekin bat egingo du Areetako Geltokia plazan aire zabaleko kontzertuak eskaintzeko proposamenak. Bertan, La West Bluegrass Band, Erromintxelak, Hutsun Txalaparta, Sensei Music Ensemble eta Deira Band bezalako talde eta artistak bilduko dira, besteak beste, Ipar Amerikako soinu tradizionalak, euskal musika eta jazz-folka ekarriko dituztenak. Bertan ere haur eta familientzako proposamen berezi bat eskainiko da, Ene Kantak taldearen emanaldia eta txikientzako musika ludoteka bat hartuko dituena.

Azkenik, Ereaga hondartzako aparkalekuak ostiraleko eta larunbateko gaueko bi hitzorduak (22:00) hartuko ditu, gazteentzat. Bertan, Chambao (hilak 12) eta Muerdo (hilak 13) taldeen musikaz gozatu ahal izango da. Horretaz gain, Black Raven Pipe Band gaita taldearen desfileak eta Areetako Geltokia plazako anfiteatroa hartuko duen musika ludoteka izango dira hilaren 13an eta 14an.

Zabaldu:

Utzi erantzuna