Irailaren 18an abiatuko da Xilaba txapelketa, Makean

Datorren astean hasiko da Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko Bertsolari Txapelketa, Makeako Herriko Gelan. Azaroaren 13an, berriz, Donibane Lohizuneko Jai Alai ezker paretan jokatuko da finala.

2020an bukatu gabe utzi zuten Xilaba, eta 2021ekoa bera ez izanagatik helburu berak ditu aurtengoak ere, “hauen artean bertso plaza sustatzea, bertsozale gehiago gureganatzea, bertsolarien erakusleiho izatea eta Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkatzea. Hori kontuan harturik iazko diseinu bera atxiki dugu, baina 2020. urtea marratu eta 2021 gehituz. Ondorioz, aurtengo txapelketa zerotik hasiko bada ere, iazkoaren jarraipen gisa hartzen dugu eta, beraz, iazkoaren oinarri berberekin goaz aitzina”, azaldu du elkarteak.

Iaz Xilabaren saiorik ezagutu ez zuten herrietara iritsi nahi zutela adierazi zuten eta gogo bera jarraikiz, aurten, txapelketarik inoiz bizi ez duen Makeako herrian izango du abiapuntu Xilabak. Pasa den urtean 28 bertsolarik parte hartzeko izena eman bazuen 2021ean 24 izango dira. Zortzi saioko txapelketa izango da, lau kanporaketa, hiru final aitzineko eta finala Donibane Lohizunen. Bertsolari Txapelketa Nagusirako hiru bertsolari sailkatuko dira Xilabatik. Amets Arzallus eta Sustrai Colina (azken hau ez da Xilaban izango) jadanik sailkatuak direnez, txapelketako lehen hiru bertsolariak batuko zaizkie lehia handian.

Gai jartzaile eta epaile taldean ere berrikuntzak izango da. Xehetasun guztiak Bertsozale elkartearen webgunean edo saioetan eskuragai izango den Xilaba 2021eko liburuxkan daude. Azken orduko aldaketa bat medio, Makean Maddi Ane Txoperenak kantatuko du eta Gabadin Johaine Sarrailletek.

Parte-hartzaileak

Makea, irailaren 18an, 17:00etan: Karlos Aizpurua, Gillen Hiribarren, Oier Urreizti, Irati Alcantarilla, Mizel Mateo eta Maddi Ane Txoperena.

  • Muskildi, Posonpesenea gelan, irailaren 25ean, 17:00etan: Xumai Murua, Bittor Thicoïpe, Ramuntxo Christy, Xan Alkhat, Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe.
  • Hiriburu, La Perle gelan, urriaren 2an, 17:00etan: Patxi Hiriart, Aitor Servier, Iker Altuna, Josu Txoperena, Pettan Prebende eta Kerman Diaz.
  • Gabadi, Herriko gelan, urriaren 9an, 17:00etan: Johaine Sarraillet, Amets Arzallus, Maddi Sarasua, Maindi Murua, Odei Barroso eta Egoitz Zelaia.
  • Final aitzinekoak: Hiru. Fase honetan kanporaketetatik sailkatuko diren hemezortzi bertsolari arituko dira lehian.
  • Maule-Lextarreko Maule Baitha zinema gelan, urriaren 16an, 17:00etan. Aurkezlea: Oihana Larrandaburu
  • Bardozen, ezker paretan, urriaren 23an, 17:00etan. Aurkezlea: Pantxika Solorzano
  • Izpuran, Faustin Bentaberri gelan, urriaren 30ean, 17:00etan. Aurkezlea: Joana Itzaina

Finala Donibane Lohizuneko Jai Alai esker paretan izango da, azaroaren 13an, 17:00etan: Finalaurreko fasetik sailkatuko diren sei bertsolariekin jokatuko da: Finalaurrekoetako hiru saioetako lehenak eta puntuazioaren arabera lehenbiziko beste hiruak. Sei bertsolariekin emango zaio hasiera jardunari. Puntu gehien metatu duten bi bertsolariak buruz-burukoa jokatu ondoren, final osoko baturak erabakiko du nor den txapelduna.

Zabaldu: