(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Irailaren 24an abiatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Getxon

Hamalau saio izango ditu txapelketak, eta bihar jarriko dira sarrerak salgai, 9:00etatik aurrera, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean izango dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak. Elkartean gaur aurkeztu ditu Euskal Herriko Txapelketaren egutegi osoa eta bestelako xehetasunak Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan. Bertan, Gontzal Agote Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak; Idoia Trenorre Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak; eta Oier Iurramendik 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko koordinatzaileak hartu dute parte.

Irailaren 24an abiatuko da Txapelketa eta lehen fasean sei saio izango dira, “bina saio jokatuko dira astebururo”, zehaztu dute. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian: asteburuko saio bat jokatuko da, larunbatero, zehazki. Eta azkenik, abenduaren 18an finala izango da Iruñeko Nafarroa Arenan.

Pandemiak eraginda, azken Txapelketa Nagusitik bost urtera egingo da datorren hau, Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena. Azken urteotan, “ahalegin handia egin dugu tokian tokiko antolatzaileekin, bertso-eskolekin eta sortzaileekin beraiekin batera plaza biziberritzeko: Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”, azaldu du Agotek. Izan ere, Elkarteak plazaren irakurketa egin du aldian-aldian, eta datu onak dira azken hilabeteetakoak.

Trenorrek azaldu duenez, “azken urteetan gertatutakoak gertatuta ere, argi esan dezakegu bertsolaritza oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar. Garrantzitsua da bizitasun hori nondik datorren azaltzea. Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da”. Hezkuntzan, ikerkuntzan nahiz plazan egiten den lana azpimarratu ditu, sei Bertsozale Elkarteen, Lanku Kultur Zerbitzuen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik. Hain zuzen, aurkezpenean izan dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteetako eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak.

Sarrerak bihartik aurrera salgai

Iurramendik gogorarazi duenez, www.bertsosarrerak.eus atarian jarriko dira salgai sarrera guztiak, bihar, ekainak 23, 9:00etatik aurrera. “Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua eskainiko da, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, ekainaren 23tik 30era, asteburuan salbu”. Halaber, egun horietan finalerako sarrera bermatuta izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek.

Zabaldu: