(argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea)

Irailaren 28an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Urdulizen

Txapelketa egitura eta final aldaketarekin dator: bost saio jokatuko dira lehenengo fasean, finalaurrekoak bi bueltatara izango dira, eta finala Casillan jokatuko da abenduaren 20an.

2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute gaur, Bilboko Foru Liburutegian. Bertan, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak hartu dute parte.

Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, “txapelketa irailaren 28an hasiko da, eta asteburuz asteburu, abenduaren 20ra helduko da, Bizkaian zehar bertsoa zabalduz”. Aurten, egitura aldaketarekin dator, gainera: lehenengo fasean bost saio jokatuko dira, finalaurrekoak buelta bitara jokatuko dira eta, azkenik, finala jokatuko da. “Txapelketa bat amaitu eta segidan hasten da hurrengoa antolatzen. Balorazio batzar horietatik etorritako erabakietako bat izan zen egitura aldaketa”, azaldu du Narbaizak.

Aldaketarako arrazoi nagusia finalaurrekoek ondo funtzionatzen dutela da: “jende asko batzen da eta giro oso polita egoten da”, esan du. “Bertsolari horiei saio gehiago ematea eta maila horretako saioak Bizkaiko herri gehiagotara heltzeko aukera polita da”, gaineratu du.

Beraz, lehenengo fasean 30 bertsolarik kantatuko dute: Udabarria Bertsotanetik sailkatutako 21 bertsolarik eta 2023an finalaurrekoetan kantatu zuten beste 9 bertsolarik. Finalaurrekoetako lehenengo bueltara 11 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren 7 bertsolariak: 2023an finalista izan zirenak. 18 horietatik 12 sailkatuko dira finalaurrekoetako bigarren bueltara. Eta bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da zeintzuk izango diren finalean kantatuko duten bertsolariak.

Abenduaren 20an izango da finala, Casillan

Aurreko edizioetako finala Bilbao Arenan izan den arren, aurtengoan Casillan egitea erabaki du Txapelketako Talde Antolatzaileak: “Aldaketa koiunturala izan da, Talde Antolatzaileak egokiago ikusi du aurten finala hor egitea”, azaldu du Narbaizak.

Bestalde, aurtengoa Txapelketa Nagusirako puntuagarria den txapelketa da. Bizkaitik 10 bertsolari sailkatuko dira 2026ko Txapelketa Nagusira.

Sarrerak, salgai

Saioetako sarrerak erosteko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera.

Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke: lehenengo fasean 16:30etik aurrera; finalaurrekoetan, 16:00etatik aurrera; eta finalean, ostera, 15:30etik aurrera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna