Irailaren 23an hasiko da abonamenduen salmenta. Sarreren salmenta, berriz, irailaren 28an hasiko da.
Hilaren 30ean abiatuko da Gasteizko Antzerki Jaialdia 35 ikuskizunez osatutako egitarauarekin, horietatik hamahiru euskal taldeen eskutik iritsiko dira. Azaroaren 28ra arte luzatuko da 46. edizioa eta Udalaren Antzoki Sarearen arduradun Marta Monfortek nabarmendu duenez, “ segurtasun-neurri guztiekin egingo da”.
Prentsaurrekoan bertako konpainien ordezkariak ere izan dira euren proposamenak aurkezten. Unai Lopez de Armentiak, esaterako, Plató aurkeztu du, Sleepwalk Collective, Parasite Kolektiboa, Larrua Proiektua eta Tripak taldeek sortutako pieza eszeniko berria, irailaren 30etik urriaren 9ra bitartean Montehermoso kulturunean ikusi ahal izango da.
Azaroaren 11n, Maria Goiricelayak zuzendutako La Dramática Errante-ren Altsasu antzezlana ikusteko aukera egongo da Principal antzokian.
Iara Solanok, bere aldetik, Sleepwalk Collective-ren antzezlan berria aurkeztu du: Swimming pools. Felix Petite antzokian taularatuko dute, azaroaren 19an.
Alex Diazek, berriz, Zuhaitzak landatzen zituen gizona familia osoarentzako ikuskizuna eramango du Principal antzokiko oholtzara, urriaren 24an.
Antzerki irekiko Off Local zikloari dagokionez, antzezlan hauek aurkeztu dira: El Mono habitadoren La buena letra, Raul Caminorekin; Ekoma Teatroren Una historia de estos tiempos, Aitor Perezekin; Colectivo Mostrenkoren La madre del cordero, Jason Guerrarekin. Mikel Ayllonen Noiz utziko dio euria egiteari; La Claquetako Carmen San Estebaneren Lilith y Dalila, eta Arrapala taldeko Iratxe Gallardoren Titapia.
Pilar Lopezek, berriz, Teatro Paraisoren proiektu berrietako bati buruz hitz egin du: Leihoak. Haziaraba in the mapping jaialdia inauguratuko du, azaroaren 20an.
Irailaren 23an hasiko da Antzerki Jaialdirako abonamenduen salmenta (abonamendu irekietarako hitzordua hartu beharko da). Sarreren salmenta,berriz, irailaren 28an hasiko da.