Euskaltzaindiak poesiari lotutako jaialdia antolatu du, Lekeitioko Udalaren babesarekin. Horrela, Irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da Irailekoak. Jaialdiaren bitartez, Euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, bai irakurraldien eta errezitaldien bidez.
Irailaren 30ean eta urriaren 1ean poesia izango da nagusi Lekeition, Irailekoak egitasmoari esker. Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako asteburu bat antolatuko du estreinakoz Bizkaiko kostaldeko herri horretan. Lekeitioko Udalaren babesarekin egingo du, eta herriko eragile batzuekin elkarlanean; tartean, Kitto merkatarien elkarte, Sociedad Recreativa eta Lekitto Musika Bandarekin. Jaialdia irailaren 30ean (egun osoz) eta urriaren 1ean (goizez) izango da, eta olerkari, musikari, kazetari eta ikertzaile ugarik hartuko du parte bertan.
Miren Agur Meabe euskaltzain osoak azaldu ditu egitasmoaren nondik norakoak gaur, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egin den agerraldian. Idazle lekeitiarrak zehaztu duenez, “Euskal Herri osoarentzat antolatuko da, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean, eta, era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdi berriak. Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdian”. Azken urteotan euskal poesiak hartu dituen bideei buruz ere hausnartu nahi dute, eta “horretara dator Iratxe Retolazaren hitzaldi mamitsua; horrez gain, han-hemengo poeten lana zehatzago ezagutzen ere lagundu nahi dugu, eta belaunaldi zahar eta gazteagoetako ahotsak eta adierazkerak erkatu”, gaineratu du euskaltzain osoak.
Katalanez idatzitako poesia
Meabek esan duen moduan, Irailekoaken euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, bai irakurraldien eta errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute. Hasteko, katalanez idatzitako poesia garaikideko bi ahots esanguratsu izango dira Lekeition: Antonia Vicens eta Mireia Calafell.
Egitaraua (Sarrera libre eta doakoa ekitaldi guztietara)
Irailaren 30ean, 11:00etan Iratxe Retolazaren Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak hitzaldia, Sociedad Recreativan. 13:00etan errezitaldia Aritz Gorrotxategi, Nerea Arrien, Eric Dicharry eta Inun idazle eta musikarien eskutik, San Juan Talakon.
18:00etan errezitaldia Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaur poeta gazteen eskutik. Guneak, hurrenkera honetan: Andre Mariaren Jasokundearen elizaren aurrean; Dominiken konbentuaren aurrean; Herritarren ortuan; Abaroa lorategian eta Arranegi plazan.
Azkenik, 22:00etan Maite Larbururen kontzertua Konpainiako elizan (San Jose eliza).
Urriaren 1ean, 11:00etan, Antonia Vicens poetaren eta Iñigo Astiz kazetariaren arteko solasaldia eta Mireia Calafell poetaren eta Itxaro Borda euskaltzain osoaren arteko solasaldia. Biak Sociedad Recreativan.
Jarduera osagarriak
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko asmoz, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira.
Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, “oroigarri intelektual-poetiko gisa”. Aldizkaria jaialdian parte-hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatuko da.
Irailekoak egitasmoaren irudia Marina Suarez Ortiz de Zarate artista eta antzerkigile arabarrak diseinatu du.