Ekimenaren helburu nagusia euskal poeten lana gizarteratzea da. Egitarauaren zehaztasunak irailean agertuko ditu Euskaltzaindiak.
Lekeition estreinatu zen Irailekoak poesia-jaialdia iaz eta aurten Lapurdira egingo du jauzia, Itsasura, hain zuzen. Euskaltzaindiak egun eta erdiko egitasmoa antolatuko du, Itsasuko Herriko Etxearekin, Euskal Kultur Erakundearekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean. Hortaz, irailaren 28an (egun osoz) eta 29an (goizez) izango da festibalaren bigarren edizioa.
Euskararen akademiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako bigarren asteburua antolatzea deliberatu du, iazko helburuekin jarraituz. Horrela, Euskal Herri osoarentzat antolatuko da Irailekoak, “poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean”, azaldu dute antolatzaileek. Era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak. Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira aurtengo jaialdian.
Euskal poeten lana gizarteratu nahi da poesia-jaialdi honetan, dela hitzaldien edo irakurraldien eskutik, dela errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute. “Poesiarekin batera, beste kultura-adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak”. Egitarauaren zehaztasunak irailean emango ditu Euskaltzaindiak.
Jarduera gehigarriak
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko xedez, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.
Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Aldizkaria jaialdian parte-hartuko duten olerkari eta ikusleen artean banatuko da.