Maiatzaren 8an izango da topaketa, 9:30etik 13:00etara, DOK Bilbao Berrikuntza Faktorian.
Loraldia Elkarteak Eskolaren hirugarren topaketa antolatu du Euskal kultura harrobi gosez: hezitzaileak eta irakasleak bidelagun izenpean. Elkarteko kideek azaldu dutenez, “euskal kulturaren transmisioa erronka eta aukera handia da hezkuntza-komunitatearentzat. Hezitzaileek eta kultur eragileek gero eta behar handiagoa dute kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten tresna eta baliabide berriak ezagutzeko, eta horretan sakontzeko”.
Loraldiaren ustez, “hezitzaileak eta irakasleak ezinbesteko bidelagunak dira euskal kulturaren transmisioan. Haien lanak funtsezko zeregina betetzen du belaunaldi berriek euskal kultura ezagutu, barneratu eta bizi dezaten. Formazio egokia, baliabide eskuragarriak eta metodologia berritzaileak ezinbestekoak dira transmisio eraginkor bat lortzeko, eta horretan sakontzea izango da topaketa honen helburua”. Hortik aurtengo topaketaren izenburua.
Hala, maiatzaren 8an, euskal kulturaren transmisioa indartzeko eta hezkuntzaren bidez euskal kulturaren harrobia elikatzeko bide berriak jorratuko dituzte DOK Bilbao Berrikuntza Faktorian. “Hezkuntza-komunitatearentzako eta kultur transmisioan diharduten profesionalentzako topaketa paregabea izango da, esperientziak partekatu eta elkarlanerako aukerak zabaltzeko”. Eguneroko jardunean kultura nola transmititu aztertuko dute, eta horretarako, “formazio, baliabide eta praktika onak partekatuko dira”.
Elkarteak “hizlari eta partaide esanguratsuak” izango direla nabarmendu nahi izan du, hezkuntza eta euskal kultura uztartzen dituzten proiektuak aurkezteko. Horien artean daude Iratxe Retolaza, Amaia Elizalde, Olaia Miranda, Maria Jose Telleria, Ane Sarasketa, Naroa Jauregizuria, Erika Uranga, Isabel Lejardi eta Josune Zabala.
Izena emateko, hemen.