Barriek erakusketa zikloaren barruan ikusi ahal izango dira obrak abuztuaren 28ra arte.
Jenni Alvarado, Irantzu Yaldebere, Javier R. Perez-Curiel, Urtzi Urkixo, Izaskun Araluzea eta Mikel Erkiaga dira Barriek programaren hamargarren edizioan beka lortu duten artistak. Beka honen bidez, sortzaile hauen lanak Bilboko Rekalde aretoan ikusteko aukera egongo da datozen hilabeteotan.
Izaskun Araluzea eta Mikel Erkiagaren ostean, Irantzu Yaldebere (Bilbo, 1994) izango da bere lanak aurkezten bigarrena Bilboko aretoan. Erakusketak Violets for your fur. Violetas para tu piel. O, más corto, Violets izenburua du eta bertan artistak azken urteotan egin dituen lan batzuk aurkezten ditu, gehienak duela gutxi sortuak diren arren. Egunero hartutako irudiak dira, Yaldeberen arreta pizten duten pertsonen eta elementuen argazkiak. Hau Barriek 2021 erakusketa zikloko azkena da.
Yaldebererentzat Violets for your fur. Violetas para tu piel. O, más corto, Violets pertsona batzuen oroitzapena da, legenda egina eta editatua. “Pertsonen eta gorde nahi ditudan gauzen argazkiak ere badira”. Artistak nabarmendu duenez “egunero egiten dudan zerbaitekin publikoki erantzuteko erabakia hartu dut: argazkiak atera, eta ekitaldiaren edo gertaeraren erdigunean jarri. Askotan pentsatzen dut nola bizi naitekeen hobeto, eta horrek harremanak izatea, ezagutzea eta aldatzea esan nahi du. Polita da pentsatzea jende askok beste bat izango duela lagun, eta aldi berean nire tolesturetako batzuk partekatzen dituztela: Douglas Sirken dramak, Iosuren azken hitzak, Anohni If It Be Your Will abesten, Pierre Bonnarden Nu à contre-jour, Lucreciaren mila bertsioak, Maiakovski-Lilia-Rodchenko, Ponpeiako freskoak, publizitatea, kolore osagarriak, Greer Lanktonen panpinak, Jeanne Moreau eta Brigitte Bardot edo Pj Harvey eta Nick Cave, komunitateko bizitza, nire ahizpa, Ana Laura Alaezen nortasunen bilaketa, Fassbinderren mendekotasunak,… Gogoratzen, sentitzen, irakurtzen eta ikusten dudan guztia. Begirada, funtsean, beste distantzia bat da…”.
Irantzu Yaldebere Bilbon bizi eta lan egiten du. Donostiako Tabakalerako tailerrean parte hartu du, Jon Mikel Eubak eta Itziar Okarizek zuzenduta (2018). Espazio hauetan erakutsi du bere lana: Okela Sormen Lantegia (2016), Bizkaiko Batzar Nagusiak (2018) eta Galeria Aire (2019). Era berean, Ermuak# 6 aldizkariarekin lankidetzan jardun du eta Feministaldiaren Hiru fragmentu, hiru begirada (2020) hitzaldian izan da. Aurten Bartzelonako Eremuak-Halfhouse egoitzarako hautatu dute.