Irati Alcantarillak irabazi du Eskolartekoa

“Eskolartekoak 15-18 urte bitarteko gazteak elkartzen ditu, eta zerbait esan nahiko du denek 18 urte bete arte jarraitzen badute!”, dio Bertsozale Elkartetik Eskolartekoa koordinatzeko ardura duen Esti Alberdik. Eta zeozer badu: gazteei oholtzan bertsotan egiteko espazioa eskaintzea ez ezik, hori guztia lagunarte ederrean egiten dutela erakusten baitute. Aurtengoa ez da salbuespena izan.

Hain zuzen, asteburuan, Euskal Herriko XXXI. Eskolartekoaren Txapelketaren bat-bateko finalean, Sarako trinketeko oholtza probatutakoak ziren batzuk; lehen aldia zuten, aldiz, beste zenbaitek. 11:00etan hasi zen finala eta parte-hartzaileok oholtzara igo ziren: Arabatik, Aroa Arrizubieta  (Gasteiz, 2001) et Aitor Ugarte (Aramaio, 2002); Behe Nafarroatik, Ekhi Perrier Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaitik, Maite Sarasola (Deustu, 2001) eta Bittor Altube (Abadiño, 2001); Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz (Zarautz, 2002); Lapurditik, Naia Etxeberri (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi  (Leitza, 2001) etEkhiñe Zapiain (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberrik jarri zizkien gaiak: ikasturtea gaindituko ez duela uste duen ikaslearen, itzaletik mugitu gabe dagoen soroslearen eta sare sozialak kritikatu baina Instagramen kontua ireki duen erabiltzailearen ahotik aritu ziren kantuan, besteak beste.

Txapela, Aitor Sarasuari keinu eginez

Saio puntuagarriak bi atal izan zituen: lehenean agurra eta bi ofizio egokitu zitzaizkien parte hartzaileei. Ondotik, bigarren atalean, puntuazioz pasatako sei sailkatuek jarraitu zuten kantuan. Tatiegi, Peritz Euzkitze, Arrizubieta, Altube, Alcantarilla eta Illarregi izan ziren.

Behin bukaerako agurra eginda, Joana Itzainak eman zuen epaimahaiaren erabakiaren berri. 2019ko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapelduna Irati Alcantarilla da eta Aner Periz Euzkitze txapeldunordea.

Irabazleari Maddi Sarasuak jarri zion txapela, Aitor Sarasua bertsolaritzari egindako ekarpen handiari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean. Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari izandakoa, elkarteko eragiletzan eta bertsu irakasle aritutakoa, belaunaldiz belaunaldiko transmisioan lan eskerga egindakoa izan da Aitor Sarasua.

Zabaldu: