Epaimahaikideek arabera, “proiektuaren argitasunagatik, deialdira ondo egokitzen delako eta hasiberria izanik lehen erakusketa egiteko aukera emango diolako”, hautatu dute ilustratzaile abadiñarraren proiektua.
Euskara jendea gaitzat hartuta esku hartze artistiko bat egitea zen aurtengo Durangoko azokako Sormen Beka deialdiko zeregina, eta Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi du, Harien isla izeneko proiektuarekin. Margogintzan oinarrituko da bere lana. Dozena bat pieza sortzeko asmoa duela azaldu du, horiekin guztiekin erakusketa egin ahal izateko 60. Durangoko Azokan. 15.000 euroko beka da, eta Durangoko Udalarekin batera eskaintzen du Gerediaga Elkarteak.
Irabazleak azaldu duenez, margogintza umetatik landu izan du, eta bekaren berri izatean aurkeztea erabaki zuen. Hala, gaia dela-eta, euskarari buruz azken boladan hainbat hausnarketa konpartitu dituela nabarmendu du Bazetak, eta ondorioz hainbat galdera sortu zaizkiola. “Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galderatan oinarri hartuta landutako proiektua da”, azaldu du ilustratzaileak. Beraz, proiektuaren bidez gogoeta horiek plazaratzea da bere helburua, eta gainera, sormen prozesuan herritarren partaidetza eskatzeko asmoa du.
Sormen beka “aukera paregabea” dela uste du irabazleak, eta aurkezpenean eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta epaileei. Hurrengoek osatu dute epaimahaia: Garazi Arrizabalaga (Durangoko Museoko zuzendaria), Ismael Manterola (EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa), Oskia Huarte (Uharte Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaria), Marina Suarez eta Maite Mugerza (Tripak kolektiboko kideak), eta If Matxikote (Zapart Euskal Artisten Sareko kidea). Epaimahaikideen arabera, “proiektuaren argitasunagatik, deialdira ondo egokitzen delako eta hasiberria izanik lehen erakusketa egiteko aukera emango diolako”, hautatu dute Bazetaren proiektua.