Irati Elorrieta, Patxi Zubizarreta eta Asisko Urmenetarentzat dira aurtengo lehenengo Euskadi Literatura Sariak

Literatura Euskaraz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren.

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman ditu Euskadi Literatura Sarietako aurtengo lehenengo hiru irabazleak: Euskarazko Literatura atalean Irati Elorrietak (Bilbo, 1979) eskuratu du Neguko argiak lanagatik. Epaimahaiaren iritziz, “eleberriak merezimendu osoz irabazi du aurtengo Saria”. Nomadak dira nagusi kontakizunean, Europako hiri handietan euren bizimodua aurrera eramaten saiatzen den belaunaldikoak. Marta eta Añes pertsonaiez gain, Berlin hiria bilakatzen da protagonista nagusi, maisutasunez antolatutako mosaikoan. Narratzaileak gogoko du gauetan argia piztuta duten sukaldeetara sartzea, leihoetatik begiratzea, neguko argiak lagun, porrota eta erresistentzia osagai duten istorioak kontatzea.

Euskarazko Haur eta Gazte Literatura atalean berriz, Patxi Zubizarretari (Ordizia, 1964) eman diote Saria Korrik, Kuru, korri! Lanagatik. Etiopiatik migratzen ari den mutiko bat du protagonista, eta harekin topo egingo duen neskatoa. Epamahaiaren ustez, “egitura narratibo aberatsa du” lanak eta, bestalde, “ugari eta anitzak dira bere luze-zabalean agertzen dituen hiri, pertsonaia, eszenatoki, ekintza eta gertakariak”. Horiek guztiek, eta ibilbidearen arian gertatzen diren gorabeherek ere, “irakurlearen jakin-mina pizten dute hasieratik, eta irakurketa ametsean bezala igarotzen dela esan daiteke, erraz eta arin igaro ere”.  Aipatzekoa da, finean, “hizkuntzaren erabilera aberats bezain zehatz eta doia, narrazioa biribildu eta berau indartzen duten irudi eder eta iradokitzaileak sortzeko. Norabide berean elkartzen diren ahots narratibo ezberdinen bitartez eraikitzen da istorioa, fin eta dotore. Hartara, bada, lan bikaina eta ezinbestean nabarmentzekoa deritzogu”.

Literatura Lanaren Ilustrazioan Asisko Urmenetaren (Iruñea, 1965) AztiHitza: Xahoren Biografikoa liburuarentzat izan da “komikiaren lengoaiaren mugekin jolasten duen proposamen arriskutsua izateagatik”. Gai historiko eta dibulgazio-lan baten barruan estilo komiko-umoristikoa erabiltzeak proposamen ausarta egiten duela nabarmendu du epaimahaiak, eta argitalpenak, “bere itxuran entziklopediak edo kodize argiztatuak gogora ekartzen dituenak, ausardiaz gordetzen du normalean beste euskarri batzuekin lotzen den modu grafiko bat. Horren ondorioz, obra, bere osotasunean hartuta, liburu objektutzat hartzen da, non komikiak eta umoreak komunikazio-eta ikus-hizkuntza gisa duten balioa nabarmentzen den”.

Sari hauen bitartez, sortzaileen lana agerikoa egin nahi dela azpimarratu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. “Ikusgarriagoa egin nahi dugu, eta datozen egunotan eta hilabeteotan horren inguruan hitz egin dadin nahi dugu”.

Datorren azaroaren 18an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Tabakaleran egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Bi aste barru gainontzeko lau modalitateetako irabazleak emango dira aditzera: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.

Zabaldu: