(argazkia: David Herranz)

‘Irati’ filmak emango dio hasiera Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari

Astea urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean izango da Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia Antzokian eta hiriko beste hainbat eszenatokitan.

Irati filmaren aurreneko proiekzioa izango da Euskal Herrian, Sitgeseko Zinemaldiaren Sail Ofizialean izan duen estreinaldiaren ondoren.

Paul Urkijo zinemagileak berak idatzi du filmeko gidoia eta Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Elena Ruiz, Iosu Eguskiza, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe, Iñigo Aranburu eta Ramon Agirre aktoreek gorpuzten dituzte pertsonaiak.

VIII. mendea da, Kristautasuna Europan zehar ari da zabaltzen sinesmen paganoak galdu ahala. Pirinioak zeharkatuz, Karlomagnoren tropak aurrera doaz. Hala, haraneko buruzagiak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati: Mari. Odol-itun baten bitartez etsaia suntsitzen du trukean bere bizitza emanda; aurretik, ordea, agintarazi egin dio bere seme Enekori bere herria babestu eta bertan bera izango dela buru aro berrian.

Urte batzuk geroago, Enekok misio batekin egiten dio aurre agindu horri: bere aitaren gorpua berreskuratzea, modu pagano batean Karlomagnoren altxorraren ondoan lurperatua. Kristau fededuna izan arren, Iratiren laguntza behar izango du. Irati inguruko neska bat da, paganoa eta enigmatikoa. Bi gazteak baso arrotz eta babesgabe batean barrena sartuko dira eta bertan “izena duen guztia existitzen da”.

Urkijoren bigarren film luzea azaroaren 18an helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.

Zabaldu: