Nosferatu Bildumaren zortzigarren alea da. Fresnedaz gain, Tania Arriaga Azkaratek, Aitor Arruzak, Maitane Hernandez Eyheramonhok, Gentzane Martinez de Osabak, Olatz Ovejero Alfonsok eta Elisa Villota Sadabak idatzi dute lana.
Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak Iratxe Fresnedak koordinatutako Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburu kolektiboa aurkeztu dute, Nosferatu Bildumaren XIII. zenbakia.
Argitalpena Nosferatu programazioaren Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak zikloari dagokio. Zikloa 2025. urte osoan zehar Tabakaleran garatzen ari da eta datorren abenduaren 17an amaituko da, Lucrecia Martelen La niña santaren (2004) proiekzioarekin.
Liburua Iratxe Fresnedak koordinatu du, eta Fresnedaz gain, Tania Arriaga Azkaratek, Aitor Arruzak, Maitane Hernandez Eyheramonhok, Gentzane Martinez de Osabak, Olatz Ovejero Alfonsok eta Elisa Villota Sadabak idatzi dute.
Fresnedaren hitzetan, “liburu honek fenomeno zinematografikoa aztertzen duten gai gakoen bilduma bat eskaintzen du, hiru ardatz nagusitan banatuta: sorkuntza, errepresentazioa eta bide berriak. Ardatz horien bitartez, ohiko film komertzialetatik aldendu eta zinemaren industria tradizionaletik kanpo sortzen diren sormen eta errepresentazio ikuspegien aniztasuna esploratzen da”.
Aspaldi hasi ziren emakumeak eta industriako zinematografien barruan sartzen ez diren beste kolektibo batzuk zinearen historia propioa idazten. “Zinemak errealitatearen ikuspegiak sortzen ditu, eta horiek, noizean behin, ezarritako eskema narratibo eta formaletatik ihes egiten dute. Aztertu ditugun kasuetan, eskapada hori ez da soilik narratiba zinematografiko nagusitik urruntzean oinarritzen, une historiko bakoitzean atxikita dauden gizarteen kontakizun hegemonikoetatik ere urruntzean baizik”, adierazi du Fresnedak.