(argazkia: Euskaltzaindia)

Irene Arrarats zuzentzaile eta itzultzailea euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Andres Alberdiren hutsartea beteko du Arraratsek. Orain, hizkuntzalari hernaniarrak zortzi hilabeteko epea du sarrera-hitzaldia prestatzeko.

Euskaltzain osoek bozketa egin dute Andres Alberdi emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Irene Arraratsek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. “Alberdi emeritu izatera igaro zen uztailaren 1ean, 75 urte bete baitzituen egun horretan Getariako hizkuntzalariak, eta hilabete horretan bertan zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea”, gogoratu du Akademiak. Euskaltzainek hautagai bakarra aurkeztu zuten urriko osoko bilkuran (hain zuzen, Irene Arrarats), eta azaroko bilkuran izendatu dute euskaltzain oso hernaniarra.

Arraratsek zortzi hilabeteko epea izango du sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera-ekitaldia egingo da.

Irene Arrarats Lizeaga (Hernani, 1967) Geografia eta Historian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalean, euskarazko prosa lantzeari lotu zaio hasieratik, kazetaritzako idazkuntza lantzeari bereziki, eta alor horretan dihardu orain ere. Euskaldunon Egunkarian aritu zen 1991z geroztik 2003ra arte, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile lehenbizi, eta euskara-arduradun gero. 2003an bertan hasi zen euskara-arduradun Berria egunkarian, eta horretan dabil harrezkero. 2001ean argitaraturiko Egunkariaren azken estilo-liburuaren egileetako bat izan zen, eta orain Berriaren estilo-liburuaren zuzendaria da. Era berean, hizkuntzari buruzko Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat da.

Arraratsek Euskaltzaindiarekin ere hartu-eman handia izan du 2007az geroztik, eta zenbait batzordetan aritzen da: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an.

Irene Arraratsek feminismoa eta euskara uztartu ditu bere ekarpen teorikoetan. Itzultzaile ere aritzen da, eta, besteak beste, hark euskaratuak dira Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena (2017, beste batzuekin batera), Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera (2019), Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat (2021, beste batzuekin batera), Marjane Satrapiren Persepolis komikia (2023) eta Atef Abu Saiden Gazako egunerokoa lekukotasun-liburua (2024).

Zabaldu:

Utzi erantzuna