(argazkia: Vital Fundazioa)

Irudika 2022ko egonaldi artistikoetan egindako lanak ikusgai Gasteizen

Erakusketa maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik. Bea Lozano, ilustrazio kategorian, eta Santiago Colombo, animazio kategorian, izan dira parte hartu duten artistak.

Gasteizko Vital Fundazioa erakusketa-zentroak Irudika ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalean egindako lanak erakusketa batean bildu ditu. Bertan, Bea Lozano eta Santiago Colomboren eskutik, Angoulemeko Bande Dessinee-ko Cite Internationale eta Bilboarte Fundazioaren baliabide-zentroaren artean martxoaren 5etik maiatzaren 6ra arte egindako egonaldi artistikoan sortutako artelanak daude ikusgai.

Erakusketaren inaugurazioan, Irudika 2022 kartela eta nazioarteko topaketaren seigarren ediziorako sustapen egiteko erabiliko den animazioa ere aurkeztu dira. Lan biak egonaldi garai horretan sortu dituzte, eta Bea Lozanoren (ilustrazioaren kasuan) eta Santiago Colomboren (animazioaren kasuan) lanak dira. Lan horiek ibilbide luzea izango dute formatu oso desberdinetan: komunikabideak, publizitate-euskarriak, sare sozialak, etab.

Irudikaren seigarren edizioa Artium Museoan izango da irailaren 29tik urriaren 1era bitartean. Hiru eguneko topaketa ilustrazioko profesionalen, argitaletxeen eta argitalpen arloarekin zerikusia duten eragileen artean. Aurten edukiera 125 lagunentzako izango da berriz, aurrez aurreko formatuan, eta online formatuari eutsiko zaio, irudika.eus plataformaren bidez. Plataforma horrek aukera ematen die sektoreko profesionalei beren lana erakusteko eta Irudika Komunitatearen bidez konektatzeko, baita argitaletxe eta eragileekin hitzordu profesionalak izateko aukera, eta Artiumen garatuko diren eduki, hitzaldi eta tailer guztiak eskuratzeko aukera ere.

Zabaldu: