(argazkia: Arabako Foru Aldundia)

Irudika ilustrazioaren jaialdiaren seigarren edizioa abiatuko da ostegunean, Gasteizen

Hainbat proiekturen inguruko mahai-inguruak, topaketa profesionalak eta lantegiak izango dira ostegunetik larunbatera bitartean, Artium museoan.

Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalaren seigarren edizioa irailaren 29tik urriaren 1era egingo da Gasteizko Artium Museoan. Jarduera ugari izango dira hiru egun horietan zehar: Txekiar Errepublika, Libano eta Estatu Batuetan sortutako zein herrialde horiekin lotutako 38 proiekturen inguruko mahai-inguruak, topaketa profesionalak eta lantegiak. Gainera hiru herrialde horietako eta Brasil, Mexiko, Uruguai, Txile eta Italiako agenteekin hitzordu profesionalak antolatu dira.

Irudikaren lehen eguna sektore paraleloei eskainiko zaie. Azaldu dutenez, “jardunaldiarekin hasteko, Mexikora abiatuko gara eta Liburuaren Munduko Hiriburutzaz mintzatuko gara hango argitaletxe batzuekin, MAZ museoarekin, Biombo azokarekin eta Mexikoko Guadalajarako Zapopan hiriko La Casa del Autor zentroarekin, bai eta Maison des Auteurs de Angoulême-ekin, azken erakunde horiek 2023ko Egonaldietan elkarrekin egiten duten lanaren erakusgarri. Ondoren, hizpide hartuko dugu ilustrazioaren, diseinuaren eta musikaren arteko erlazioa, eta Malagako Canela Party kasua aztertuko dugu Cristina Daura, Jabier Rodriguez eta Alvaro Fernandez arduradun grafikoekin. Gero, zeramikaren eta zuraren mundura hurbilduko gara bidelagun hartuta Raisa Alava eta Valerio Vidali artistak eta Maria Altuna Lizarragak eta Nuria Santaulariak osatutako Hiru Zutabe espazioa. Azkenik, solasaldi bat egiteko aukera izango dugu Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko eszenako artista grabatzaile garrantzitsuenetako batekin: Mari Puri Herrero”. Jardunaldi hau Artium Museoko A4 Aretoan egingo da.

Hitzaldiak eta mahai-inguruak

Hitzaldiak eskainiko dira lan bat elkarrekin editatu duten edo beren proiektuen gaiek zerikusia duten ilustratzaile eta argitaletxeekin. “Mahai-inguruak ere egingo ditugu honelako gai zehatzei buruz: haurrentzako liburuak, Leonard Marcus, Isabel Lopes Coelho, Samir Editeur eta A Fin De Cuentos euskal argitaletxearekin; arte-zuzendaritza bilduma ilustratu, aldizkari eta proiektuetan, The New York Times egunkariko Tala Safie-rekin, Enchanted Lion argitaletxea, Violeta Lopiz egilearekin eta Julen Saenzekin artistarekin. Orobat izango ditugu argitaletxeak eta ilustrazio jaialdiak, hala nola Lustr Festival, Samandal Comics eta Tabook”.

Bestalde, bertaratutako ilustratzaileek argitaletxe eta profesionalekin hitzorduak egin ahal izango dituzte beren portfolioa hobetzeko, zalantzak argitzeko zein lan-akordioak ixteko. “Hitzaldiak emango dituzten agente eta editoreez gain, posible izango da hitzorduak egitea aurreko urteetan etorri diren beste agente batzuekin edo kanpoko gonbidatuekin.

Aurtengo edizioan hiru tailer ere izango dira tematika banarekin. Antolakuntzak oraingoz ez du ezagutzera eman nork emango duen tailer bakoitza.

Lehiaketak eta egonaldi artistikoa

Sorkuntzari laguntzeko eta etorkizunera begira, Irudika jaialdiaren barruan ilustrazio eta animazio lehiaketa bi antolatuko dira. Sarituek egonaldi artistiko bana irabaziko dute Gasteizen, Bilbaoarten eta La Maison des Auteurs d’Angoulême-n, eta Mexiko Guadalajara eta Zapopan hirietan. “Mahai-inguru bat egingo dugu 2021ean ilustratzaile egoiliar izandako Bea Lozano eta Santiago Colomborekin, eta epaimahaiko ordezkariekin: Cristobal Schmalekin eta Cecilia Bertolinirekin. Ekitaldi horretan emango dira ezagutzera 2023ko Irudika Egonaldietarako hautatuen izenak.

Zabaldu: