(argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Irulegiko Eskua bezalako piezak aurkitzeko eta herrixka hobeto ikertzeko, Aranzadi aztarnategia industen hasi da beste urtebetez

Uda osoan zehar egingo dira Irulegiko Burdin Aroko herrixkako indusketa arkeologikoak. Helburu nagusia eraikin oso bat induskatu eta eskua agertu zen herriaren okupazio-faseen ikerketan sakontzea da.

Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, Irulegiko Eskua aurkitzea “mugarria izan zen Euskal Herriko arkeologian, eta aparteko aurkikuntza euskararen jatorriaz gehiago jakiteko”, baina Irulegiko Burdin Aroko herrixkaren garrantzi arkeologikoa haratago doala dio, eta hura industen jarraitzea funtsezkoa dela, duela 2.000 urteko baskoien gizartea hobeto ulertzeko.

Hala, Irulegiko Eskua bezalako piezak aurkitzeko eta herrixka hobeto ikertzeko helburuarekin, Aranzadiko arkeologo-talde bat aztarnategia industen hasi da beste urtebetez. Ia 100 boluntarioz osatutako talde hau irailaren 17ra arte arituko da lanean, asteazkenetik igandera, sei txandatan banatuta.

“2023ko kanpaina honen helburu nagusia Irulegiko herrixkaren okupazio-faseak hobeto ezagutzea da; izan ere, badakigu Burdin Aroan gutxienez kronologia desberdinetako hiru herri gainjarriak daudela”, adierazi du Mattin Aiestaran ikerketa zuzentzen duen Aranzadiko arkeologoak. Aiestaranen taldeak hirugarren etxebizitza irekiko du aurten, aurreko kanpainetan hondeatutako beste bien frentean dagoena.

“Aztarnategiaren eremu horretan jarraitzeaz gain, aztarnategiak hartzen dituen 14 hektareetan hainbat puntutan ere egingo ditugu laginketak edo zundaketa arkeologikoak. Zundaketa horiek egingo ditugu, besteak beste, 1. eta 2. guneen artean egon daitezkeen lubaki edo etxebizitza aterrazatuetan; 2. gunean daude erretako eraikin isolatuetan; eta 3. gunean laginketa egiten jarraituko dugu, non zeramikazko ezohiko biltegi bat atera den”.

Irulegi mendiko aparkaleku eta ibilbide seinaleztatuak

Turismo jasangarria sustatzeko eta Irulegi mendiaren ondarea errespetuz gozatzeko, Aranguren Ibarreko Udala zenbait jarduketa egiten ari da bidexkak eta mendiko sarbideak egokitzeko. Alde batetik, Ilundainen 200 kotxe sartzeko lekua duen aparkaleku baten obra amaitzen ari da, bisitak era ordenatuan egin ahal izateko. Bestetik, Irulegi mendiaren oinezko ibilbideak berritzeko lanak egiten ari dira. Toki horretako ondareari buruzko gezi eta informazio-panelen bidez behar bezala seinaleztatuko dira. Lan horiek guztiak uztailean zehar amaituko dira.

“Arangurengo Udalak badaki Irulegik sortzen duen interesa handia dela; beraz beharrezkoa da bisitari-kopurua modu ordenatuan eta jasangarrian kudeatzea, Ibarreko ingurumena eta kultura-ondarea aintzat hartuta”, dio Manolo Romero Arangurengo alkateak. “Gogora dezagun apirilean Nafarroako Gobernuak Irulegi Multzoa Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuela, eta Udalak bere gain hartu du aparteko ondare hau babestu eta zaintzeko konpromisoa” azpimarratu du.

Gainera, Arangurengo Udala hainbat gela birmoldatu eta egokitzeko lanak egiten ari da Gongorako Zarra jauregian, udalerriko kultur eta natura ondarea interpretatzeko zentro bihurtzeko. Udaran zehar, jauregiak Aranzadiko arkeologo-taldea hartuko du, eta indusketa arkeologikoko materialak prozesatzeko laborategi gisa erabiliko du, besteak beste.

Mezenasgo kanpaina martxan

Aranzadik mikromezenasgo kanpaina jarri du abian, baliabide ekonomiko gehiago lortzeko eta ikertzaile gazteek Antzinaroko arkeologian egiten duten lana bultzatzeko. “Gaur egun, profesional horiek udan bakarrik aktiba ditzakete beraien indusketak Zaldua, Irulegi, Artzi edo Donazaharreko aztarnategietan. Baina baliabide berriekin, arkeologo gazteen lantaldeak handitu litezke, gure Antzinaroko ikerketa-lanetan aurrera egin dezaten”.

Ekarpen ekonomiko baten truke, Aranzadik bisita gidatuak eskainiko ditu bere arkeologia-taldearen eskutik, bai Irulegi mendira, bai ondare-interesa duten beste aztarnategi batzuetara. Horretarako, webgune bat prestatu du Elkartea babestu nahi duten pertsona guztientzat: https://www.aranzadi.eus/eu/arkeologia-babestu. Ekarpen horiek Antzinaroa ikertzen diharduten arkeologo gazteak laguntzeko erabiliko dira oso-osorik.

Zabaldu: