(argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Irulegiko Eskua Interes Kulturaleko Ondasun izendatu dute

K.a. I. mendearen hasiera aldeko data du, eta euskaraz idatzitako eta orain arte ezagututako lehen dokumenturik zabalena eta osoena da.

Irulegiko Eskua Interes Kulturaleko Ondasun izendatu du Nafarroako Gobernuak, Ondasun Higigarri gisa. Azaldu dutenez, “pieza k. a. I. mendearen hasierakoa da, eta euskaraz idatzitako eta orain arte ezagututako lehen dokumenturik zabalena eta osoena da, erabat babestu beharreko ondasun aparta”.

Irulegiko Eskua banako eran babesteko beharra bermatzen duten atzemandako arriskuen artean piezaren fintasun materiala dago. Izan ere, “kontserbazio-baldintza espezifikoak eta etengabeak eskatzen ditu, eta horrez gain, bere kontserbazio egokia bermatuko duten mantentze-lanak. Prebentzio-neurrien artean legoke bere zaintza arriskuan jartzen duten aldi baterako erakusketetarako mailegua kontrolatzea”, nabarmendu dute.

​​​​​​​Pieza 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, Irulegiko aztarnategian (Aranguren ibarra) programatutako indusketa arkeologikoetan zehar. Indusketa-gunea Irulegiko kastro baskoiari dagokio, zehazki, harresien barruko bere gela-eremuari. Irulegiko Multzoa izeneko esparru hori, Kultura Intereseko Ondasun izendatu zuen Gobernuak 2023ko apirilaren 26ko hitzarmenari jarraiki.

Eskua brontze irabiatu, luzatu, lisatu eta ebakitako xafla baten gainean dago egina. Bere neurriak dira: 143,1 mm-ko altuera x 127,9 mm-ko zabalera eta 1,09 mm-ko lodiera, eta 35,9 gramo pisatzen ditu.

Laua da esku-zabalaren aldean, baina atzealdean azazkal formak ageri dira, hiru hatzen artean galduta (erakuslea, bihotza eta hatz nagia). Piezak hondoratze ildaskatu perimetrala eta 6,5 mm-ko zulaketa du eskumuturretik gertu, euskarri bigun batean sartuta eusteko. Atzealdean, aldiz, lau lerroko eta 40 zeinuko inskripzio bat dago, hatzekin beherantz irakurtzeko egina.

Inskripzioa eta bere esanahia

Piezaren lehen berezitasunetako bat inskripzioa egiteko modua da. Idazkera errazteko, hasteko pautatu esgrafiatu baterako hiru lerro markatu ziren. Jarraian, zeinuak marra zuzenetan grabatu ziren, eta azkenik, punteatze teknika baliatuz markatu ziren.

Ebakidura esgrafiatuaren eta punteatuaren konbinazioa ezezaguna zen orain arte inskripzio paleohispanikoetan eta kasu bakarra idatzi da Inperio osoko epigrafia latindarrean. Testua idazteko erabilitako ikur-bilduma hau erdi-silabiko paleohispanikoen familiari dagokio, ezaugarri berezi batzuk tarteko direla: T zeinuaren presentzia, orain arte txanpon-etxe (oTikes eta uTanbaate) baskoien diru-kondairetan bakarrik ezagutu izan dena. Irulegiko Eskuaz geroztik, transkribatzen duen hizkuntzaren zeinu espezifiko gisa hartu da eta bibratzaileentzako bi zeinu daude. Ezaugarri horrek baztertu egiten du erabilitako hizkuntza zeltiberikoa izatea. “Ezaugarri linguistiko horiek eta beste batzuek pentsarazi digute Eskuaren testua azpisistema berezi edo ikur-bilduma baskoian idatzita dagoela”. Adierazi dute.

I. mendearen hasieran datatu zenez, ziurtatu daiteke antzinako baskoiak ez zirela herri guztiz anepigrafikoa izan eta idazkera ezagutu eta erabili izan zutela.

Azkenik, nabarmendu behar da Eskua berezia dela, euskarriaren tipologiari eta morfologiari dagokienez (hatzak beherantz zintzilik dituen esku bat) hala nola erabilitako teknika inskribatzaileari (esgrafiatutako ordinatio baten gainean eginiko punteatua) eta inskripzioaren hizkuntza-ezaugarriei dagokienez; “horrek Nafarroako Historiarako pieza paregabea izatera darama”.

Zabaldu: