Besteak beste, Irulegiko eskua aurkitu zen etxea eskala errealean birsortu dute.
Iruñeko Civivox Pompelok ‘Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak’ erakusketa ireki du bere areto nagusian. Irailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da eta Cneo Pompeyo Magnok Iruñeko fundazio erromatarraren 2.100. urteurrenaren ospakizunen barruan kokatzen da.
Erakusketa berriak ibilbide bat proposatzen du gure garaiaren aurretiko I. mende horretan barrena: bertan bizi zen herrixka baskoiaren tradizio eta ohiturak jartzen ditu ikusgai, baita bertara heltzen den eragin erromatarra ere. Erakusketak garai horretara eramaten ditu ikusleak, eta horretarako, hainbat pieza baliatzen ditu, horietako batzuk egun arte ezezagunak; besteak beste, Irulegiko aztarnategiarekin eta beste objektu eta berreraikitze batzuekin lotutako piezak.
Aranzadi Zientzia Elkartea da erakusketaren komisarioa hainbat unibertsitateko (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoa, Burgosko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Bordeleko Unibertsitatea) ikerlariekin lankidetzan. Hiri erromatarra fundatzearekin bat, Iruña hirigune gisa sartu zen historiografia klasikoaren historian. Aitzitik, Iruñearen erroak sakonagoak dira, eta baskoien ondarea, tradizioa eta kultura dituzte iturburu.
Ikusgai dauden piezetako batzuk Irulegiko aztarnategiko indusketa arkeologikoetan dute jatorria, eta orain arte ez dira sekula erakutsi. Gainera, erakusketarako berariaz laga diren beste pieza batzuk jarri dira ikusgai, museo eta entitate hauetakoak: San Telmo Museoa, Kataluniako Historiaren Museoa, Gasteizko Bibat Museoa, Gordailua – Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, Atharratzeko eta Hazparneko Udalak eta Nafarroako Gobernua, besteak beste.
Iruñearen jatorria
Erakusketak Iruñearen historiaren mugarri erabakigarri bat irudikatzea du helburu: “gure aroaren aurreko I. mendean herri baskoiak Erromatar Errepublikarekin bat egitea. Ordura arte, lurraldea herrixka gotortuetan antolatzen zen, Irulegikoa kasurako: nekazaritza, abeltzaintza eta metalurgiarako gune dinamikoa zen”, azaldu dute antolatzaileek.
Erakusketa Sertorioren gerraren (gure aroaren aurreko 82-72. urteetan) testuinguru historikoan kokatzen da: herri erromatarraren arteko guda zibila izan zen, eta baskoien lurraldeari eragin zion. Hori dela eta, Irulegi herrixka baskoia bortizki suntsitu zuten, eta sute baten ondorioz desagertu zen, hainbat urtez induskatutako ebidentzia arkeologikoek frogatu moduan.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “gerra-material ugari aurkitu da indusketetan, Irulegiko herritarrak gerran bizi zirela adierazten dutenak. Hain zuzen ere, objektu hauek daude ikusgai: sastakaia eta zorroa, habaila-jaurtigaiak, gezi-punta ugari etab. Banakako armak dira, eta soldadu erromatarrenak izaten ahal ziren, baina baita gudari baskoienak, gerra zibil horretan armada laguntzailearen parte baitziren”.
Zehaztu dutenez, “herrixkaren egunez eguneko bizitzarekin lotutako piezak daude ikusgai, eta abeltzaintza, metalurgia, buztingintza eta idazketarekin lotutako jakintzak zituen komunitate horren errealitatera hurbiltzeko aukera ematen diote bisitariari. Ikusgai jarriko dira, besteak beste, brontzezko pitxer bat eta Burdin Aroko apaingarriak eta zeramika-piezak. Material hauek guztiak bi kulturen arteko uztarketa islatzen dute, herrixka baskoian bizi zirenen kultura indigenaren eta lurraldera iritsi zen kultura erromatarraren artekoa, hain zuzen ere”.
Monetaren eta idazketaren garrantzia ere azpimarratzen da erakusketan, “gure aroaren aurretiko III. eta I. mendeen artean baskoiek eta mundu erromatarrak bat egin zuten denbora-tartean lurraldea eraldatu baitzuten. Sekia eta Iaka hiriek, esate baterako, zilarrezko eta brontzezko txanponak sortu zituzten, eta sinbolo gisa zaldikoak eta haien hizkuntzan idatzitako irudi-testuak zituzten. Txanpon horietako batzuk erakusketan daude ikusgai”.
Idazketa iraultza teknologikoa izan zela dio antolakuntzak, eta horri esker, “herrixka baskoiak ‘baskoniko’ hizkuntzarako ikur-bilduma zuen, zeinak baskoieraz zeinu ezberdin batzuk erabiltzen baitzituen. Aurkikuntzarik zirraragarriena Irulegiko eskua da. Eskua Nafarroako Museoan dago ikusgai, eta erakusketak aurkikuntza horri buruzko azken ikerketak barne hartzen ditu”.
Aldare eta hilarri erromatarrak
Ponpeio jeneralak Pompelo sortu zuen, eta, horrekin batera, hiri-eredu berria ezartzea bizkortu zuen: ‘globalizazioaren’ eragile nagusia izan zen, eta ekonomia, erlijioa eta hizkera eraldatu zituen, zuzenbide latinoa eta herritartasuna ematearen bidez tokiko eliteak eta administrazio erromatarra bateratuta. Latina bihurtu zen hizkuntza ofizial, eta horrek tokiko hizkuntza gehienak desagertzea ekarri zuen; aldiz, eusko-akitanierak bizirautea lortu zuen.
Alor espiritualari dagokionez, gurtza berriak eta antzinako sinesmenak modu baketsuan bizi izan ziren elkarrekin. Aldare eta hilarri erromatarrak ere ikusgai daude erakusketan, bi kulturen uztartze-prozesu horren adierazle. Piezak beste entitate eta museo batzuek laga dituzte. Andrearriagako hileta-estela San Telmo Museokoa da; Helasseren aldarea, Gasteizko Bibat Museokoa; Herauscorritseren idazkuna, Atharratzeko Udalekoa; Hazparneko aldarea, eta, azkenik, Auzperriko Mugarriluzeko miliarriak daude.