Iazko lehen saria (argazkia: Iñaki Cia)

‘Iruña Fokatu’ argazki-lehiaketa abian da

Hiria beste ikuspegi batetik islatzen duten irudiak saritzea du helburu lehiaketak.

Iruñeko Udalak Iruña Fokatu argazki-lehiaketan parte-hartzeko deialdia zabaldu du aurten ere, hiria beste ikuspegi batetik islatzen duten irudiak saritzeko asmoz. Gainera, aurkeztutako argazkien artean eginiko hautaketa batek abenduan herritarrei doan banatzen zaien udal-egutegia osatzeko balioko du. Argazkiak aurkezteko epea urriaren 31ko 23:00etan amaituko da. Argazkirik onenari 900 euroko saria emango zaio. Horrekin batera, bigarren eta hirugarren sari bat ere izango dira, 600 eurokoa eta 500 eurokoa, hurrenez hurren. Bestalde, egutegia osatzeko hautatutako hamabi argazkiek 150 euroko diru-saria izango dute.

Aurreko edizioan bezalaxe, aurten formatu digitalean soilik aurkeztu ahalko dira argazkiak, dagoeneko webgune honetan erabilgarri dagoen izena emateko formularioaren bidez. Neurri horiekin aurkeztutako irudiak epaimahaiak baloratzeko baino ez dira erabiliko. Ondoren, sarituak edo hautatuak izan diren argazkiak bereizmen handian aurkeztu beharko dira, lehiaketaren antolatzaileek hala eskatzen dutenean, eta formatu fisikoa 28x38zm-koa izango da (bertikala edo horizontala). Lehiaketak pertsona bakoitzari gehienez ere hiru argazki aurkezteko aukera ematen dio, hori bai, jatorrizkoak izan behar dutela nabarmendu dute. Izan ere, ez dira onartuko jadanik argitaratutako edo beste lehiaketaren batean saritutako irudiak.

Argazkiak (2 MBkoak gehienez ere), JPEG formatuan aurkeztuko dira (gutxienez, 72 ppi-ko bereizmena). Tamainaz ezin izango dituzte neurri hauek gainditu: 794×1077 pixel bertikalean, eta 1077×794 pixel horizontalean. Horrez gain, argazkia zein egunetan eta zein toki zehatzetan egin zen, eta argazkiaren deskribapen laburra azaldu beharko da. Pertsonak erretratatzen dituzten argazkiek bertan agertzen diren pertsonen baimena eta oniritzia beharko dute.

Epaimahai teknikoak beste prozedurarik erabakitzen ez badu, sari banaketa abenduan egingo da Civivox-en. Epaimahaia argazkigintzako profesionalek eta Iruñeko Udaleko teknikariek osatuko dute.

Parte hartu nahi duenak datu pertsonalak, jaioteguna eta tokia, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa idatzi beharko ditu formularioan.

Zabaldu: