'Ikimilikiliklik' ikuskizuna (argazkia: Loraldia)

Iruñaldia, diziplina anitzeko jaialdia azaroaren 9tik 15era egingo da, Iruñeko hainbat agertokitan

Jarduerak euskaldunei eta euskal kulturarekin modu naturalean bat egin nahi dutenei daude zuzenduta.

Euskal kulturako proposamen artistiko berritzaileak ezagutzera emateko asmoz, Iruñaldia kultur jaialdia egingo dute azaroaren 9tik 15era, Iruñean. Denera, hamaika ikuskizun ikusteko aukera egongo da bigarren edizio honetan, eta horietatik bostek sarrera librea izango dute: “euskal kulturako erreferente handiak eta sortzaile berrien proposamenak uztartzen dituzte eta herritar orori daude zuzenduta”, adierazi dute antolatzaileek.

Jaialdiak euskal kultur programazioan finkatzea du helburu, eta Geroa gaur leloa ardatz hartuta, euskal kultur tradizioa aldarrikatzen du, hura eguneratu, berrinterpretatu, eraiki… mundu garaikidearekin hartu-emanean jartzeko. “Iruñea grabitate-zentro bihurtzeko eta hirira sorkuntza garaikideak erakartzeko sortu zen Iruñaldia jaialdia, euskal tradizio, abangoardia eta kultur ekoizpenekin modu naturalean bat eginez”.

Proposamen artistikoa jaialdiaren nortasunaren isla

Iruñeko Udala eta Loraldia dira antolatzaileak eta azaldu dutenez, “batetik, diziplina anitzeko jaialdia da, musika, dantza, literatura, antzerkia, zirkua, performancea, gastronomia eta esperientzia digitalak uztartzen baititu. Bestetik, belaunaldien arteko hartu-emana sustatzen du, euskal kulturaren erreferente handien jakintza eta jardunbidea eta sortzaile berrien ahots ausart eta freskoa bateratuta. Hala, programa orekatua eta erakargarria eskaintzen da, gustu eta sentsibilitate guztientzako aproposa”.

Jarduerak euskaldunei eta euskal kulturarekin modu naturalean bat egin nahi dutenei daude zuzenduta, eta hiriko bederatzi gune hauetan egingo dira: Gayarre Antzokian, Karrikirin, Elkarren, Katakraken, Kondestablen, Laban, Baluarten, Geltokin eta Iruñeko hainbat kaletan. Sei jarduerarako sarrera erosi beharko da, eta Lorezainek prezio bereziak izango dituzte.

Egitarauari dagokionez, Ikimilikiliklik ikuskizuna programazioaren gailurra izango da, Loraldiaren ekoizpen berriaren erabateko estreinaldia egingo baita. Proposamen artistiko hori murgiltzeko esperientzia liluragarria da, eta azaroaren 14an eskainiko da, Baluarten: “euskal kulturaren memoria esperimentala indarberritzen du, duela 50 urteko abangoardia-mugimenduekin elkarrizketa sortuta, betiere egungo mintzaira eszeniko eta teknologikoak abiapuntu harturik”. Ekoizpenean hauek hartuko dute parte: Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain eta Itziar Garalucek, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean.

Bestalde, Mikel Laboari keinu argi bat eginez, Joseba Irazoki gitarristak Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II) proposatuko du azaroaren 12an, Katakraken; Laboaren ahots-onomatopeiak gitarraren “garrasi” hipnotiko eta zorabiagarri bihurtuko dira.

Markos Gimeno artistaren hitzak eta palindromoak jolasean daude Sukramarkus lanean: azaroaren 13an izango da, Kondestablearen jauregian, eta musika, umorea eta irudimena uztartuko ditu, hitzekin jolasteko eta artista handia omentzeko gonbidapen ludiko eta zirraragarri batean. Egun horretan bertan, Laban, beste hitzordu bat izango du zikloak: Marcos Morau koreografoak zuzendutako Zakur bat Gaztelu plazan dantza-piezak belaunaldi baten amorrua eta borroka jorratzen ditu, Led Silhouette konpainiak interpretatuta.

Programazioaren barruan, halaber, Zirkozaurre konpainiaren Harreman zirku-ikuskizun garaikidea eskainiko da azaroaren 9an, Gayarre Antzokian: Bilboko konpainiaren laborategian sortutako zirkua, dantza, euskal musika tradizionala, malabarrak eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna da.

Liburu aurkezpenak

Jaialdian bi liburu aurkezpen izango dira: azaroaren 10ean eta 11n, biak ala biak arratsaldeko 19:00etan; sarrera librea izango da. Lehenengo aurkezpenean Josu Goikoetxea idazlearen Lakioa eleberri beltzaren txanda izango da: heriotza susmagarri baten ikerketan murgiltzen du irakurlea, kazetaritzaren krisiaz eta egiaren tranpez hausnartzen duen bitartean. Beste aurkezpena Karrikirin izango da: Eduardo Valenciak Sabino Arana Iruñerriko Elkanon Navarro Villoslada 2024 Saria irabazi zuen obra aurkeztuko du, Uxue Rey kazetariak lagunduta. Historia-fikziozko komedia politiko burutsua da, bizikidetzari eta tolerantziari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen duena.

Horrez gain, Zoria eta atzoko zaporea XXII. mendean izenburupean, La Mapatxa antzerki-taldeak eta Geltokiko sukaldeak antzerkia eta gastronomia uztartzen dituen esperientzia eskainiko du azaroaren 14an. Ikusleak mahai baten inguruan eseriko dira, zoria, erabakiak eta gizateriaren etorkizuna XXII. mendean aztertzen dituen joko eszeniko batean parte hartzeko.

Azkenik, azaroaren 15ean, hiru hitzordu antolatu dira, bi udaletxeko plazan, eta beste bat Gayarren. Aukeran Dantza konpainiak Aiurri euskal dantza tradizionalaren sustraia eta mugimendu garaikidea uztartzen dituen ikuskizuna aurkeztuko du 12:30ean, Udaletxe plazan, Xabi Aburruzagaren musikaren soinupean. Udaletxe plazan ere Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak Hitzaurrea esperientzia digital eta interaktiboa eskainiko dute, hiria joko-taula bihurtuta: parte-hartzaileek Iruñeko hainbat puntutan zehar beren ibilbide propioa eraiki ahal izango dute, istorio berezi eta pertsonala sortuz.

Olaia Inziartek itxiko du Iruñaldia Gayarre Antzokian. Kontzertu horrekin, nafarrak 2025eko birari agur esango dio.

Zabaldu:

Utzi erantzuna