(Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Iruñeko autobus-geltoki zaharrean kultur jarduerak garatzeko hitzarmena sinatu dute

Helburu nagusia da “askotariko jardueren programa bat sortzea, kultura irisgarriaren, parte-hartzailearen eta gizartea eraldatzeko ekimenak bideratzeko”.

Geltoki ekonomia sozialerako guneak eta Nafarroako gobernuak hitzarmen bat sinatu dute Iruñeko autobus geltoki zaharrean kultur jarduerak garatu ahal izateko.

Iaz egin zuten bezala, kafetegia eta leihatilak kudeatzen dituen elkartearekin sinatu da akordioa. Katrin Ginea koordinatzaileak azaldu duenez, hitzarmenaren helburu nagusia da “askotariko jardueren programa bat sortzea, kultura irisgarriaren, parte-hartzailearen eta gizartea eraldatzeko ekimenak bideratzeko”. Sinatutako txostenean jasotzen denez, “herritarrak ahalduntzea eta, aldi berean, erakunde, artista eta komunitateen arteko elkarguneak sortzea”, da asmoa.

Proiektuaren helburu espezifikoei erreparatuta, honako hauek nabarmentzen dira: tokiko artisten eta kolektiboen ikusgarritasuna eta sustapena, artea, eraldaketa soziala eta ekonomia sozial eta solidarioa lotzen dituzten proiektuen garapena eta antzinako kultura-tradizioen belaunaldien arteko transmisioa. “Hori guztia genero ikuspegitik”, azaldu du Gineak. Euskararen aberastasuna ere nabarmendu nahi izan dute eta bere erabileraren aldeko asmoa.

Erakusketak, irakurketa tailerrak eta musika

Geltokin antolatzen diren ohiko jarduerez gain, hitzarmen honen bidez, irakurketa tailerrak, erakusketak eta musika emanaldiak jasotzen dituen egitaraua ere garatu dute.

Jarduera-programaren aurrekontua 68.932 eurokoa da guztira, eta, horietatik, 60.000 euro Nafarroako Gobernuaren eta Geltoki Elkartearen ordezkariek sinatutako hitzarmenaren bidez emango dira.

Zabaldu: