Iruñeko gazteei zuzendutako Taldeka bitartekaritza artistikoko programan izena emateko epea zabalik da

Saioak ostegunetan izango dira, bi astean behin, 2025eko urritik 2026ko apirilera bitartean, eta gehienez ere 30 lagunek hartuko dute parte adinaren arabera bi taldetan banatuta.

Kultura Iruñeko eta Iruñerriko gazteei hurbiltzeko asmoz, Udalak Taldeka programan izena emateko epea zabaldu du hilaren 30era arte. 15 eta 21 urte bitarteko gazteek pamplonaescultura.es/eus webgunean eman ahal izango dute izena, urritik 2026ko apirilera arte bi astez behin, ostegunetan, egingo diren saioetarako. Jarduera doan izango da.

Programaren bigarren edizioa izango da aurtengoa eta hiriko kultura- eta arte-bizitza ezagutzea du helburu. Honetan, hurbilpen sortzaile bat proposatzen da inguruko kultura garaikidera. Hala, tokiko artistekin topaketak zein erakusketetara bisitak eta kultura-ekitaldiak egingo dira, era kolektiboan partekatu eta sortzeko guneak sortze aldera, zeinetan parte hartzaileek kultur jarduerak proposatu ahalko dituzten, ideiak partekatu eta proiektu artistikoetan laguntzearekin batera.

Parte-hartzaileak 10 eta 15 kide bitarteko bi taldetan banatuko dira adinaren arabera: 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitarte jaiotakoak, 15 eta 17 urte bitarte dituztenak; eta 2004ko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31ra bitarte jaiotakoak, 19 eta 21 urte bitartekoak. Izena eman dutenei urriaren 3a, ostirala, baino lehen jakinaraziko zaie. Ziudadelako Arma aretoan egingo diren saioen ordutegia 17:30etik 20:30era izango da.

Oihane Mcguinness eta Karmele Oterosek osatzen dute programaren bitartekaritza-lantaldea eta, eta jarduerak koordinatu eta gazte taldeen arteko trukea bideratuko dute. Planteamenduek praktika artistikoa, museoetako eskarmentua eta irakaskuntza uztartzen dituzte, gazteek kultura deskubritu eta esperimentatzeko ez ezik, kultura berenganatu eta beste irizpide batzuen arabera definitzeko ere, hala beren ekarpena egingo baitiote lurraldeko kultur panoramari.

McGuinness Artean graduatua da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultatean, eta Praktika Artistikoak eta Ikasketa Kulturalen masterduna Uharte Zentroan. Artista honek bere praktika pertsonala eta bitartekaritza artistikoa uztartzen ditu, eta irakasle eta ikertzaile gisa dihardu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adierazpen Plastikoaren Didaktikaren arloan.

Oteros, bestalde, Sorkuntza eta Diseinuan graduatua da EHUko Arte Ederren Fakultatean, eta bitartekaritza artistikoan espezializatua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua da Adierazpen Plastikoaren Didaktikaren arloan. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan ere ari da hezitzaile lanetan, baita Jorge Oteiza museoan ere.

Iazko programan 30 bat gaztek parte hartu zuten. Taldeak Ziudadelako erakusketak aztertu, lore lehorrekin zianotipiazko postalak sortu, artisten lanak aurkitu, Huarte Zentroa bisitatu, collageak diseinatu eta serigrafian lehen urratsak eman zituen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna