14 eta 18 urte bitarteko gazteek narrazio laburreko eta poesiako jatorrizko testuak entregatzeko epea apirilaren 19era arte egongo da zabalik.
Iruñeko Udalak Gazteentzako Literatur Lehiaketaren beste edizio baterako deia egin du. Honen bidez Iruñean erroldatuta dauden edo hirian ikasten duten 14 eta 18 urte bitarteko gazteak poesia eta narrazioa idaztera animatu nahi dira. Interesdunek apirilaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren lanak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dutenak. Gaia librea izango da.
Lehiaketak bi modalitate ditu: poesia eta narrazioa, euskaraz eta gaztelaniaz. Lehenengoan gutxienez 14 bertso eta gehienez 40 bertso dituzten lanak eskatzen dira. Narrazio laburraren kasuan, lanek bi eta bost folio bitarte izan beharko dituzte eta ordenagailuan idatziak egon, alde bakar batetik eta lerroartean tarte bikoitzaz. Parte-hartzaileek lan bakarra aurkeztu ahal izango dute modalitate eta hizkuntza bakoitzeko. Hala, bi hizkuntzetan lehiatzeko aukera izango dute, lan ezberdinekin egiten badute. Antolakuntzak nabarmendu duenez, ez dira itzulitako obrak onartuko. Lanek ezin izango dute ez bultzatu ez erreproduzitu jarrera diskriminatzaile, xenofobo edo sexistarik, ezta pertsonen duintasunaren eta giza eskubideen kontra doanik ere.
Ohikoa den bezala, aurkeztutako lanak bi kategoriatan banatuko dira, egileen adinaren arabera. Hala, 14 eta 16 urte bitarteko gazteentzako kategoria bat ezarri da. Bertan sartuko dira apirilaren 19an 14 urte beteta eta oraindik 17 urte bete ez dituzten guztiak. Bigarren kategoriak erreferentzia-data horretan bertan 17 urte beteta izan eta 19 urtetik beherakoak direnak barne hartzen ditu. Irabazleak ekainean hautatuko dira, eta saritutako lanak https://letrajoven.pamplona.es/eu/ webgunean argitaratuko dira.
Literatura-lanak telematikoki aurkeztu beharko dira, https://letrajoven.pamplona.es (gaztelaniaz) eta https://letrajoven.pamplona.es/eu/ (euskaraz) webguneen bitartez. Parte-hartzaileek formularioa bete eta lana PDF formatuan erantsi beharko dute, obraren izenburua artxiboaren izen gisa jarrita. “Ezin izango da inolaz ere aipatu, ez fitxategiaren izenean ez edukian, egilea nor den, ezta haren datu pertsonalik ere”.
Lana orriak zenbatuta aurkeztu beharko da, eta haren izenburua jaso beharko da, artxiboaren izenean ez ezik, lehiaketara aurkeztutako dokumentuaren hasieran ere. Plataformak aurkezten direnen anonimotasuna bermatzen du.