Iruñeko III. bertsopaper lehiaketako sariak banatuko dira gaur Nafarroako Antzerki Eskolan

Ander Fuentes, Kattin Madariaga eta Iraun Zestau izan dira kategoria bakoitzeko irabazleak. Bertsoaroaren hasierarekin bat egingo du sari banaketa ekitaldiak.

Gaur abiatuko da Bertsoaroaren 32. edizioa, Nafarroako Antzerki Eskolan egingo den bertso-jaialdiarekin. Ziklo honetako lehen hitzorduari hasiera emateko, 18:30ean, Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa izango da. Ander Fuentes, Kattin Madariaga eta Iraun Zestau izan dira kategoria bakoitzeko irabazleak.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako lehiaketak 39 lagunen 43 lan jaso zituen, eta ia bikoiztu egin zen aurreko bi edizioetan aurkeztutako lanen kopurua: 22 2021ean eta 24 2020an.

Lehiaketaren oinarrietan hiru kategoria ezarri ziren parte-hartzaileen adinaren arabera. Adin txikikoen A kategorian Iraun Zestauk kulturarako 150 euroko abonamendu bat eskuratuko du Amilotxa bertso-sortarekin; B kategorian Kattin Madariaga gailendu da 2005. eta 2008. urteen artean jaiotakoen artean eta 350 euro eskuratuko ditu; eta C kategorian, 2004.urtean edo lehenago jaiotakoen artean, 1.500 eurorekin, lehen saria Ander Fuentesek eskuratuko du, Iluntzean lanarekin.

Lehen mailako bertso-jaialdia

Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan Bertsoaroaren edizio honetako lehen jaialdian. “19:00etatik aurrera, lehen mailako bertsolaritza izanen dugu; zenbait sariketatako lau irabazle tartean, bertsolariek Ainhoa Larretxea aurkezlearen esanetara osatuko dituzte bertsoak.”, adierazi dute antolatzaileek.

Aurtengo Bertsoaroak sei jarduerako egitarauan entzule mota guztientzako hitzorduak proposatuko ditu. Gaurtik martxoaren 2ra lehen kategoriako eta gazteentzako jaialdiak, haurrentzako lantegiak, ikus-entzunezko ikuskizun bat eta, aurtengo berrikuntza, zentzumenei lotutako bertso-afari bat egingo dira.

Zabaldu: