(argazkia: Ikuspuntu jaialdia)

Iruñeko Ikuspuntu jaialdirako sarrerak salgai daude jada

Film proiekzioak, hitzaldiak, performanceak, topaketak zinemagileekin edo haurrentzako saioak izango dira Iruñean, martxoaren 14tik 19ra bitartean.

Iruñeko Ikuspuntu jaialdia martxoaren 14tik 19ra bitartean egingo da, eta gaur jarriko dira saio guztietarako sarrerak salgai webgunearen bitartez: www.puntodevistafestival.com webgunea. Sarreren prezioa, oro har, 3 euro izango da saio bakoitzeko, baina martxoaren 19an Oteiza museoan izango den programak 8 euroko kostua izangodu, Baluartetik abiatuko den garraio zerbitzua ere sartzen baita prezioan.

Aurten, gainera, kontziliazioaren aldeko apustua egin du jaialdiak, eta ludoteka sortu du: Puxika Gorria. Horrela, bada, sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko neska-mutikoak egoteko gune bat izango da, eta “akreditazioa dutenek ez ezik, publiko orokorrak ere baliatu ahal izango du zerbitzua martxoaren 17an, 18an eta 19an”, azaldu du antolakuntzai. Lekua hartzeko webgunearen bitartez egin beharko da.

Astebetez, jaialdia nazioarteko ikus-entzunezkoen komunitatearen erdigune izango da, hainbat egoitzatan: Baluarte, Golem zinemak, Oteiza museoa, Nafarroako Filmoteka, Civivox sarea eta Katakrak. Film proiekzioak, topaketak zinemagileekin, performanceak, haurrentzako zinema dokumentaleko saioak edo Sail Ofiziala antolatuko dira jaialdia izango den gune horietan. Edukiei dagokienez, Marokoko zinema dokumentalaren hastapenari buruzko atzerabegirakoa eta ibaien inguruko bizimoduari buruzko beste atzerabegirako bat nabarmentzen dira.

Programazioa zazpi atal nagusiz osatuta egongo da: Sail Ofiziala, mundu osoko herrialdeetatik jasotako ia 800 lanen artetik hautatutako filmak biltzen dituena; Atzera begiradak, ez-fikzioan ezinbestekoak diren gaiak lantzeko; Foku garaikideak saio monografikoak, jaialdiaren begirada nazioarteko panoramako zinemagile garrantzitsuenetan zentratzeko; Hezkuntza Programa, jaialdia publiko berriengana irekitzen jarraitzeko; Lan, sorkuntzako eta produkzioko prozesuei buruzko jarduera publikoak proposatuko dituen saila; Kontaktuak, zinema dokumentala beste jardunbide artistiko batzuekin eta hausnarketako jardunbideekin kontaktuan jartzeko; eta X Films proiektua, errealizatzaile berriei film bat grabatzeko proposamena aurkezteko gonbidapena egiten diena, eta irabazlearen filma jaialdiaren hurrengo edizioan estreinatzen da.

Zabaldu: