Iruritan abiatuko da larunbatean 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Sei bertsolari izango dira kantuan Gizarte Bilgunean, finalaurrekoetarako txartelaren bila.

2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa abiatuko da larunbatean Iruritan. Bertako Gizarte Bilguneak hartuko du txapelketako lehen final-laurdena arratsaldeko 17:30ean.

Maialen Belarrak aurkeztuko du saioa eta sei bertsolari izango dira oholtza gainean: Saioa Alkaiza Guallar, Eneko Fernandez Maritxalar, Sarai Robles Vitas, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil eta Egoitz Gorosterrazu Elizagoien. Saioko irabazleak zuzenean lortuko du txartela Altsasuko finalaurrekorako. Beste bertsolariek, final-laurdenen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko. Izan ere, Iruritakoarekin batera, Vianako (urriak 14), Uharteko (urriak 15) eta Leitzako (urriak 21) saioek osatuko dute final-laurdenen fasea. Guztira, 18 bertsolari pasako dira finalaurrekoetara, txapelketan abiatuko diren 24etatik.

Txapelketaren irudiak islatzen duen bezala, bi hilabetez Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu Txapelketak. “Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta oro har euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da”, adierazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa.

Lau final-laurden eta hiru finalaurrekoren ostean, abenduaren 2an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalarekin. Orduan izendatuko da 2023ko Nafarroako txapelduna.

Larunbateko saiorako sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera, baldin eta aurretik Interneten agortu ez badira.

Zabaldu: